Matrikula epea zabalik da 2024-04-23

EHUko Udako ikastaroa bertsogintzari buruz uztailaren 4 eta 5ean Donostian

EHUko Udako ikastaroa bertsogintzari buruz uztailaren 4 eta 5ean Donostian
Gai nagusia: 'Nondik eta zeri ari gatzaizkio bertsotan?'. Uztailaren 4an eta 5ean da ikastaroa Donostiako Miramar Jauregian. Matrikulatzeko epea zabalik dago, eta maiatzaren 31ra bitarte merkeagoa izango da.

UPV/EHUko Udako ikastaroetan bertsolaritzaz gogoetatzeko aukera izango da aurtengoan, beste hainbat ediziotan bezala. Gai nagusia: Nondik eta zeri ari gatzaizkio bertsotan? Bat-bateko bertsogintza garaikidearen sorkuntza mailako kezkei buruz hausnartzeko eta gogoetak partekatzeko gune izango da. Halaber, botere harremanak bertsolaritzan eta gai libreko bertsogintzaren gakoak azalduko dira. Eta azkenik, edukizko lanketari buruzko hainbat argibide plazaratuko dira bertan.

Uztailaren 4an eta 5ean izango da ikastaroa Donostiako Miramar Jauregian. Matrikulatzeko epea zabalik dago, eta maiatzaren 31ra bitarte merkeagoa izango da.


Hitzaldiak eta mahai-ingurua
Hainbat hitzaldi eta mahai-inguru bat eskainiko dira egun bietan. Saioa Alkaiza izango da lehenengo eguneko aurreneko hizlaria, Diskurtso guztiak errespetagarriak dira? hitzaldiarekin. Segidan gaiak kantatzerakoan dugun zilegitasunari buruz ariko da Maider Arregi, eta botere harremanei buruz jarraituko du Onintza Enbeitak. Oihana Arana izango da eguneko azken hizlaria, eta bertsolaritza ideologikoki lerraturik ote dagoen hausnarketa ekarriko du mahai gainera. Eguna biribiltzeko, lau hizlariek mahai-ingurua osatuko dute, egungo bertsogintzako diskurtso, zilegitasun eta itzalei buruz.

Bigarren egunean beste hainbeste hizlari izango ditugu. Jexux Mari Irazu izango da lehenengoa eta libreko bertsogintzari buruz ariko da. Alaia Martin eta Imanol Artola izango dira hurrengoak, eta gai-jartzaile autoreari buruzko iritzia plazaratuko dute. Aitor Bizkarrak eta Oihana Iguaranek hitzaldi bana eskainiko dute egoera sozio-ekonomikoari kantatzen ote zaion hausnartuz. Azkenik, Oihane Pereak eta Beñat Gaztelumendik Formatik haragoko lanketa bertso eskoletan; gaien eta ideologiaren lanketa hitzaldiak onduko dituzte, bakoitzak bere talaiatik.

Askotariko hitzaldiak eta hizlariak, edozein bertsozale, bertsolari, aritu zein adituentzako erakargarriak direnak dudarik gabe. Areago, bertsolaritzatik haragoko beste kultur esparruetako eragile zein sortzaileentzat ere zalantza, bidegurutze zein kezkez aritzeko aukerako plaza izango da ikastaroa. Hemen egitarau osoa.


Matrikula epea, zabalik

Gaur zabaldu da ikastaroan matrikulatzeko epea, eta www.uik.eus atariaren bidez egin daiteke. Hurrengoak dira prezioak: orokorra, 84 euro; erretretadunak, langabeak, ikertzaileak… 71 euro; 25 urte arteko gazteak, maiatzaren 31 baino lehen matrikulatuz gero, 25 euro (bestela, 59 euro). Prezioei buruzko informazio osoa hemen topatuko duzue.

Egitarau osoa hemen aurki dezakezue eta matrikula www.uik.eus atariaren bidez egin daiteke.

Albiste gehiago

Anonyme Popularren agurreko kontzertuak maiatzean eta ekainean 2024-04-18

Anonyme Popular: 'Azken agurrak' bira Gasteiz, Baiona eta Bilbon

Maddi Aiestaran Iparragirre - Osinalde Sariko balorazioa 2024-04-08

«Helburua zen guretik kantatzea eta uste dut neurri handi batean lortu dugula»

Jone Larrinaga Dañobeitia - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-03-28

«Bertsolaritzaren garapena aberatsagoa da espektatibarik gabe»

Mikel Artola Izagirre - Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea 2024-03-26

«Gipuzkoan 10-50 urte bitarteko bertsolari ia denek kantatuko dute udaberrian»

Juanjo Uria Zubiarrain - Bertsolari bertsozale podkasta 2024-03-15

Juanjo Uria: bertsoa eragiletzatik eta pasiotik bizi duen hernaniarra