Elkarrizketa 2021-05-24
Nondik datorkizu bertsoarekiko harremana?
"Aspaldikoa da. Aitak bertso saioak entzutea asko maite zuen. Amaren aldeko aitona Teodoro oso zalea zen ere; bertso liburu mordoa zuen eta igandero bertsoak entzuten zituen sukaldeko irratian, saioak lasai entzuteko haurrei “isilik” esanez. Aitonaren anaiak ere bertso paperak egiten zituen, beraz bazen sendian bertsotarako afizioa. Baina egia esan, luzaroan oso urrutitik bizi izan dut bertsolaritza, azken zortzi urtetan hasi naiz berriro bertsolaritzara astiro hurbiltzen, eta azkeneko urte parean gogo handiagorekin saiakeran".
Zure kasuan, gogoan duzu zein izan zen lehen hurbilketa bertso mundura?
"Euskal Herrira 1976an itzuli ginen [Caracastik] eta Donostiako Santo Tomas Lizeoan egin nituen ikasketak. Han, 15 urte nituela, urte batez astean behin bertsotan aritzen nintzen, baina ez nuen egia esan bertso sormenaren muina ondo ulertu, nahiz eta 1985an, Herreran, Txirrita Bertso Paper txapelketa irabazi. Gaztetan kontserbatorioan musikarekin buru belarri nenbilenez ez nion bertsoari luzaroan heldu. Hogei urterekin atzerrira joan nintzen ikastera eta ondoren finantza munduan lan egitera, Londres eta Parisen gehienbat. Urte haietan bertsoak ez ziren nire eguneroko bizitzaren parte".
Eta noiz heldu zenion berriz bertsoari?
"Nahiz eta etxeko giroan eta sendi ospakizunetan izaten nuen bertsoren bat botatzeko joera, nire arreba Mari Joxe-ri eskertu behar diot bertsoak egitera bultzatu izana. Lepauztaia hautsita, Parisen etxeratuta nengoela berak proposatu zidan Hernandorena Kultur Elkarteak Zizurkilen antolatu zuen PM Otaño bertso paper lehiaketan parte hartzea, diaspora atalean. “Gaztetan egiten zenuenez, eta orain astia duzunez, zergatik ez zenuke berriro egingo” esanez. Eta horrela hasi nintzen, noizbehinka bertso paper batzuk idatziaz eta lehiaketa batzuetara bidaliaz, beti arrebaren akuiluari esker".
Eta bat-batekoan?
"Noizean behin Boiseko Euskal Etxean afari aurretik bertsoren bat bota izan dut, baita orain dela bi urte labain egin ere; bertsoa ia ezin bukaturik, erdi itota, mikrofonoa eskutan, guztiz lotsatuta. Hori izan zen niretzat inflexio puntua, nire buruari bat-batekoan egiten ikasteko erronka bota nion unea. Europan lana dela eta bertsotarako ez nuen astirik, baina zorionez Boisen horretarako badut denbora gehiago eta, ni jada gaztea izan ez arren, gauza berriak ikasteko inoiz berandu ez dela sinetsiz, bertsoak lantzeari ekin diot berritutako ilusioz. Rosi Lazkanoren ibilbidea hartu dut eredutzat, eta nork daki, agian ni ere bera bezala bertsotan aritzeko gai izango naiz noizbait. Badakit Euskal Herritik urruti biziz ez dela hain gauza erraza izango, bertsotarako aukera gutxi dagoelako, baina saiatu ez izanaren damurik ez dut izan nahi eta horretan nabil; lortu ala lortu ez, bidea polita izango da behintzat".
Berriki bertso eskola sortu duzu Boisen, lehenago ere Parisen horretan ibilia zinen. Zer harreman izan duzu Parisekin?
"Lanak eraman ninduen Parisera eta han ia 20 urtez bizi izan nintzen. Hasiera batean Parisko Eskual Etxeko giroa ez nuen gehiegi maite izan, hegoaldekoa nintzela eta batzuk nirekin gazteleraz mintzatu nahi zutelako eta ni, noski, ez nindoan horretara. Baina 2014an Eskual Etxean euskal kulturaren alde lan egiteko gogoa zuen gazte talde bat elkartu zen eta haiekin hasi nintzen ekintzetan parte hartzen (Korrika, Euskararen Eguna, bertso afariak…). Talde hartan bertsotan ikasteko gogoa genuen pare bat geundenez, eskola bat irekitzea bururatu zitzaigun eta horretarako Bertsozale Elkarteari laguntza eskatu nion. Baina 2015an New Yorkera lanera bidali ninduten eta ez nuen eskola martxan jartzeko aukera izan. Ondoren, egun nire emaztea dena, amerikar euskalduna, Boisen ezagutu eta Estatu Batuetara bizitzera etortzea erabaki nuen".
Baina Boisen bai.
"Ni hasiera batean euskara irakasten hasi nintzen, Euskal Museoan. Baina zerbait desberdina egiteko gogoa nuen eta Parisen izandako ideia berriro bururatu zitzaidan orain dela hilabete pare bat eta euskaldun talde txiki bati ea nirekin bertsotan edo kopletan euskaraz jolasten aritu nahi zuten galdetu nien eta horrela hasi ginen. Gure kasa gabiltza, Bertsozale Elkartearen laguntzarekin, bertsoeskola.eus-ko baliabideak erabiliz. Benetan eskertzekoa da Bertsozale Elkartetik jasotzen dudan sostengu guztia".
Nolatan bururatu zitzaizun? Zerk bultzatu zintuen oraingoan?
"John Ysursa Boiseko Unibertsitateko Euskal Ikasketa saileko irakaslearekin izandako elkarrizketa baten ondoren bururatu zitzaigun erronka hau. Hark esan zidan askok uste zuela ez zela Estatu Batuetan sorturiko bertsolaririk inoiz izango, ezinezkoa zela hizkuntzaren zailtasunarengatik batik bat. Eta hori egia den ala ez ikusiko dugu. Gure asmoa ez da punta-puntako bertsolariak izatea, baizik eta bertso paperak egiteko gai izatea edo lagun artean bertso edo koplak egiteko gai izatea".
Zenbatero elkartzen zarete bertso eskolan?
"Birusa dela eta Internetez egiten dugu, baina ondoren aurrez aurre egiteko aukera badago horrela egingo dugu, nahiz eta ziur aski online aukera ere gorde Boisetik at bizi direnek parte hartu dezaten. Hilabetean bitan elkartzen gara, ordu eta erdi, denok nahiko lanpeturik baikabiltza. Baina astero ez egitearen beste arrazoia honakoa da: taldea ez dadila azkarregi nekatu, ekintza hau ahuntzaren gauerdiko eztula izan ez dadin".
Nortzuk elkartzen zarete?
"Nik bertsotan aritzeko bidalitako gonbidapenari zazpik eman zioten baiezkoa. Lagun talde polita da, hiru gazte eta lau ez hain gazte. Denak Estatu Batuetan jaiotako euskaldun eta euskal zaleak dira, hizkuntza lantzen jarraitzen dutenak: Madalen Bieter, Alex Ray, Josu Bieter, John Ysursa, Steve Mendive, Christine Aramburu eta Chris Bieter.
Baina, oraingoz azkeneko hirurak datoz sarritan, besteek ikasketak eta lana direla eta ez baitute parte hartzeko aukera handirik. Aurrerago gehiago etortzeko aukera izango dutela espero dugu".
Zer nolako esperientzia izaten ari da?
"Oso esperientzia polita eta interesgarria. Ikasleek bertsotan aritzeko gai direla ikusi dute. Oraingoz bertso paperetan gabiltza gehienbat, baina puntuka eta koplaka aritzen gara ere bat-batekotasuna pixkanaka landuz. Motibazioa badago eta gustura gabiltza, gure arteko eta kanpoko jendearengandik inongo presiorik gabe. Euskararekin eta euskaraz jolasean aritzeko lagunarteko txoko edo une bat da eskola hau, besterik ez".
Boiseko Euskal Etxeko zuzendaritza kide ere bazara. Euskararen ezagutza eta erabilera zer bilakaera izaten ari da?
"Euzkaldunak deritzon elkarte honetan zuzendaritzan parte hartzeko nire gogo nagusia gure kultura sustatzea da. Egia da, bai, euskal jatorria dutenek asaben kultura bizitzeko aukera ematen duen elkartea dela gurea, makina bat ekintzen bitartez: afariak, Odolki Eguna, Olentzeroren etorrera, pilota partidak, euskal musika eta dantza, mus txapelketak, Diaspora Eguna, Agate Deuna Eguna, taberna… Halere, zoritxarrez, euskara gero eta gutxiago entzuten da eta, nire ustez, hori da aurrera begira gure erronka handiena, euskaldun egiten gaituen hizkuntza mantentzea. Boisen badago 6 urte arteko haurrentzako ikastola non euskaraz irakasten den, baita Euskal Museoan helduentzat euskara ikasteko eskola ere, baina eskola hauetatik sortutako euskal hiztunen kopurua hutsala da. Boisen jaio eta euskara dakitenek etxean edo Euskal Herrira barnetegi batera joanda ikasi dute, baina beraien kopurua oso txikia denez, aurreko euskal belaunaldia desagertzen doan heinean gure hizkuntza ere desagertzen doa Boisen".
Bide horretan bertso eskolak zertan lagun dezakeela uste duzu?
"Euskal hiztunei hizkuntzarekin disfrutatzeko aukera emango die eta agian euskara ez dakien baten bati hizkuntza ikasteko gogoa. Agian euskarari kaleratzeko aukera emango dio bertso eskolak. Baina benetako giltza haur eta gazteei euskara irakastean datza, eta horretarako euskal jatorriko sendiek euskararekiko hautua egin behar dute, euskal dantzarekiko egiten duten era berean adibidez".
Bertso eskola sortu aurretik ere, bertsoak beti izan du presentzia Boisen antolatu izan dituzuen jai eta ospakizunetan, ezta?
"Urtero Estatu Batuetako Euskal Etxeetan ospatzen diren euskal jaietan edo bost urtean behin Boisen ospatzen den Jaialdian aritzen dira gehienbat bertsolariak, bai hemengoak (Gratien Alfaro, Johnny Curutchet, Martin Goicoechea, Jesus Goñi) baita euskal herritik etorritakoak (Maialen Lujanbio, Miren Artetxe, Oihana Iguaran, Onintza Enbeita, Nerea Ibarzabal, Xabi Paya, Jon Martin, Xamoa…). Baina bertsoen presentzia txikia dela aitortu behar da, batetik bertsolari gutxi dugulako hemen eta bestetik entzulego euskalduna urria delako. Hizkuntza ulertu ezinik bertsolaritza oso ikuskizun aspergarria dela uste du askok".
Diasporako bertsolarien artean zer harreman duzue?
"Harreman gutxi dugu, batez ere ni bertsolaria naizenik ezin dezakegulako oraindik ahoz gora esan. Adibidez, 2020ko otsailean, San Frantziskoko Euskal Etxeko jaietara joan ginen emaztea eta biok, eta igandeko afari ostean Martin Goicoecheak mikrofono atzetik gonbidapena luzatu zidan harekin bertsotan aritzeko, baina nik oraindik nire burua jende aurrean aritzeko gaitasunez ikusten ez nuenez, bi bertso bota nituen bakarrik. Hurrengoan agian Martinekin luze aritzeko gai izango naiz, auskalo.
Aurrera begira badut gogoa hemengo bertsolari zaharragoak gurekin online aritu daitezen konbentzitzeko, Diasporako bertsolariok ikasi edo saiakera egiteko esparru eroso bat izan dezagun. Euskal Herriko bertsolariei gonbidapena luzatu nahi diet ere Dylan [Inglis] eta biokin bi edo hiru hilean behin saiotxo bat egitera anima daitezen, guri bertsolaritzan aritzeko aukera zabaltzeko eta aurrera pausoak ematen jarrai dezagun".
Izan ere, Euskal Herriko eta diasporako bertsolariak bertsotan egiteko elkartzen aitzindariak izan zarete: Dylan Inglis eta Aissa Intxaustirekin elkartzen zara tarteka online, bertsotan egiteko. Bakoitza munduko punta batetik arituta, zer du berezi zuen arteko espazio horrek?
"Espazio honek duen berezitasuna egia esan elkarrekiko laguntasuna eta konfiantza da. Ederra da ingurugiro eta jatorri desberdinetakoak izanda, belaunaldi eta bizi esperientzia anitzekoak, bertso eremuan elkarrekin hain gustura aritzeko gaitasuna izatea. Oso aberasgarria da egia esan. Aissari laguntzeagatik eskerrak eman nahi dizkiot, batetik milaka proiektutan lanez gainezka izanda gurekin aritzeko beta hartzen duelako eta bestetik gu bezalako maila gutxiko bertsolariekin aritzea aspergarria suerta lekiokelako. Dylani ere milesker esan nahi diot bere gazte ilusioak astero indar berritzen nauelako, aldi berean bere euskararen menperatzeak inspiratzen nauelarik".
Gerora begira, bertsopaper lehiaketa bat antolatzeko asmoa duzuela entzun dugu. Zertan da egitasmo hori?
"Euskarari bultzada emateko bertso paper lehiaketa bat egitea bururatu zitzaigun aurten Euskal Etxean, Jaialdi urtea zenez euskarari diogun maitasuna azaleratzeko asmoarekin; euskaraz eta euskararekin jolasean denon artean gure hizkuntza bizirik mantentzen lagunduko dugunaren ideiarekin. Guretzat garrantzitsuena jendeak parte hartzea da, euskararen erabilera sustatzea, eta hori dela eta lehiaketan kopla eta bertso sortak onartuko genituzke, luzeak ala motzak, euskaraz diren bitartean, denak ongi etorriak.
Zoritxarrez, izurritea dela eta, Jaialdia bertan behera utzi ondoren bertso paper lehiaketa ere bertan behera utzi dugu, oraingoz behintzat. 2022ko Jaialdiarekin batera martxan jarriko dugu agian, eta hala bada, izango duzue gure berri".
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24