Finala ekainaren 13an izango da Markina-Xemeinen 2015-05-07
Bihar hasiko da Plazatik Gaztetxera sariketa Soraluzen
Bihar izango da XIV.Plazatik Gaztetxera sariketaren lehen saioa Soraluzen. Guztira zazpi saio izango dira eta 32 bertsolarik hartuko dute parte, azken edizioetan bezala bikoteka. Finala ekainaren 13an izango da Markina-Xemeinen Plazatik Gaztetxera Egunean.
Bihar hasiko da XIV.Plazatik Gaztetxera sariketa Soraluzen. Guztira zazpi saio izango dira eta 32 bertsolarik hartuko dute parte, azken edizioetan bezala bikoteka. Finala ekainaren 13an izango da Markina-Xemeinen egingo duten Plazatik Gaztetxera Egunean.
Bertsolaritza eta gazteak Lehen ediziotik antolatzaileen helburu nagusia "bertsolari gazteei plazak eskaintzea eta bertsolaritza gazteengana hurbiltzea" da. "Plazatik Gaztetxera zonalde jakin batean sustraitu edo egonkortu da, Debabarrenan hain zuzen. Urteen joanean, herri eta asanblada gehiagok hartu dute parte eta inguruko herrietara ere zabaldu da: Ondarroa, Zumaia eta Markina-Xemein kasu". Dena den, antolatzaileek aitortu dutenez "debabarrenean, gainerako eremuetan bezala, bertsoari lotutako proiektuek ez dute sendotasun handirik eta ez da erraza izan hau gazteei proiektu erakargarri egitea. Herriz herri jende bertsozalea egotea euskarri izan da urte guzti hauetan".
Gazteak bertsolaritzara hurbiltzeaz gain, "eskualdeko bertsozale gazteak harremanetan jartzeko eta elkarlanean aritzeko balio du", baita "gaztetxeen arteko harremana eta ezagutza indartu eta gaztetxeak herriko beste eragileekin harremanetan jartzeko ere, dela aisialdi-taldea edo bertso-eskola, edo interesa duten norbanakoak".
"Gaiak prestatu, jarri eta epaitu, bertsolariak lotu, komunikabideekin harremandu. Lan horiek eskualdeko gazteen artean egiten dira (herri bakoitzak berari egokitu zaion kanporaketako gaiak jartzeko zeregina izaten du) eta zale asko aktibatzen ditu prestaketak berak herriz herri"
Antolakuntzan ikuspegi berezia Antolatzaileen ustetan "saioak gaztetxeetan izateak eta antolakuntzan gazte asanbladetako kideak egoteak ezaugarri eta ikuspegi berezia ematen diote txapelketari: batetik, gazteen artean antolatua delako, eta bestetik, horietako askorentzako bertsoarekin duten harreman bakarretakoa delako txapelketa. Ez da bertsozaleen artean bakarrik antolatzen, tartean bertsozaleak ere egon arren. Honen isla dira prestaketan eta saioetan agertuko diren gai- eta antolaketa-moduak".
Antolaketari dagokionez, "asanblada guztiak elkartzen gaituen talde eragile edo koordinatzaile bat dago, txapelketaren ikuspegi orokorra duena. Bertara iristen diren proposamenak herri bakoitzeko asanbladek egiten dituzte, eta bertan sortzen diren proposamenak herrietan eztabaidatzen dira. Horri esker, bertsoarekin lotura jakinik ez duen jendeak ere txapelketari ekarpenak egiten dizkio eta honek ohiko bertso-txapelketetan agertzen ez diren proposamenak lantzeko aukera ematen digu".
Aurrera begira: molde atseginak guztientzat "Gogoa, nahia eta ilusioa dira gure antolaketako koktelaren osagaiak. Jendeak gozatu egiten du eta hori da jarraipena ematen dion indar nagusia, berritasuna amu bezala erabili beharrik gabe". diote antolatzaileek.
Dena dela, aldaketei ez dizkie ateak ixten. "Zenbait gai sakonago landu eta birplanteatzeko garaia izan daiteke. Ez dugu gure burua horretara behartuko, prestaketa-lanetan ateratako hainbat ideiak txapelketaren planteamendua bera aldatzera eraman gaitzake. Azken urteetan batean eta bestean ezagutu eta landuak txapelketan ere isla daitezen"
Zein ote dira buruan darabiltzaten aldaketa horiek? "Itxura edo formatua baino gehiago, parte-hartzaileen parte-hartzea, epaileen eginkizun edo irizpideak, egitekoen dibertsifikatzea eta hainbat baloreren lanketa izango ditugu xede, besteak beste".
Formatuari dagokionez,"txapelketa izaten jarraituko duela nahiko garbi daukagu momentuz. Kontua da, nola egin erakargarri, nola lortu molde atseginak inplikatuta dauden guztientzat: bertsolari, epaile, entzule zein gai jartzaileentzat. Lehiarik gabeko txapelketa bat irudikatzea ez da posible; baina lehia hor egonda ere, garrantzia sentsazioei eman nahi genieke, nolabait esanda, irabaztea baino parte-hartzea izatea gozagarri, esperientzia bera".
Azken batean, "lehen edizioetatik izandako bilakaerari jarraipena eman nahi diogu eta garapen hori txapelketa lehen petsonan bizi dutenekin partekatu eta egin nahi dugu, guztion mesedegarri izango delakoan"