Larunbatean hil zen Kanbon 2015-06-01

Emile Larre, bertso-jartzaile eta euskaltzalea

Emile Larre, bertso-jartzaile eta euskaltzalea
Emile Larre hil da asteburu honetan. Baigorrin jaio zen, euskaltzalea izan zen batik bat eta bertso-eragiletzan ere aritu zen: bertso-irakaslea, bertsolari bat baino gehiagoren plazaratzean eragin zuen eta hainbat bertso-saio ere antolatu zituen, horietako askotan egin zituen gai-jartzaile lanak. Kanbon hil da 89 urterekin.
Emile Larre bertso-jartzailea hil da asteburu honetan. Baigorrin jaio zen 1926an eta 25 urterekin egin zen apaiz. Bikario, irakasle-lanetan, erretore... ibili izan da eta Batikano II.Kontzilioko Elizaren berritze-mugimenduan liturugia euskaratzeko eragileetako bat izan zen.

Euskaltzalea izan zen batik bat Larre, Herria astekariko zuzendari eta editorialista izan da, eta Euskaltzaindiako Ahozko Literatura batzordeko kidea. Euskaltzain oso izendatu zuten 1975ean.

Bertso-eragiletzan ere lan-handia egin zuen, bertso-irakaslea izan zen eta bertsolari askoren plazaratzean eragin zuen; besteak beste, Beskoitzeko Larre, Jean Baptiste Irigarai arrosatarra, Etxeberri oztibarretarra, Merkapide jutsiarra.

Transmisioan ez ezik,  sustatzaile ere ibili zen eta hainbat bertso-saio antolatu zituen: esaterako, Urruñako saioa berak antolatu zuen 1958tik 1962ra. Saio horietan gai-jartzaile lanak ere egin zituen.

2012ko Xiberua, Lapurdi eta Baxenabarreko Bertsulari Xapelketan txapela jantzi zion Amets Arzallus txapeldunari.

89 urterekin hil da Emile Larre bertso-jartzailea Kanbon.

Albiste gehiago

6.500 lagun Finalean 2024-12-14

Alaia Martin Gipuzkoako txapeldun

Lehenbiziko aldiz ospatu zen Eskukula bertso eskolak 2024-12-06

Elixabet Etxandi irabazle Baxe Nafarroako lehen Kopla Topelketa arrakastatsuan

Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-12-06

Almen bertso-eskolaren 50. urteurrena Hitzetik Hortzeran

Lanarteak plazaratuta Euskararen Egunaren harira 2024-12-03

Euskararen larrialdiari koplak