Adin Adin programa Gipuzkoako adinekoen egoitzetan 2015-10-07
Bertsoa adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko
Adin Adin programa jarriko dute martxan gaur Lankuk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Adinekoen egoitzetan bertso-saio bereziak egingo dituzte "bertsoa ardatz, adineko pertsonen gaitasunak sustatzeko". Errenterian izango da lehenengo saioa gaur arratsaldeko 17:00etan Jesusen Bihotza egoitzan. Alaia Martin eta Sebastian Lizaso izango dira kantuan.
Pasa den ostiralean aurkeztu zuten Lankuk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarlanean martxan jarriko duten Adin Adin proiektua. Egitasmo honen baitan, hainbat bertso-saio egingo dituzte adinekoen egoitzetan.
Ander Zapiain Mendekotasun eta Desgaitasunerako Zerbitzuko zuzendariak azaldu digunez "iaz jarri zigun Lankuk mahai gainean proiektu hau eta frogarako egindako saioen emaitza positiboak ikusita, aurten berriz ere martxan jartzea erabaki dugu".
Sebastian Lizasok kontatu digu oso "berezia" dela adinekoen egoitzetan kantuan aritzea. "Ez gaude ohituta mota horretako publikoari kantatzea eta erantzuna ederra da, asko ematen dute eta gu, emozionalki oso beteta ateratzen gara"
Gaur Errenteriako Jesusen Bihotza egoitzan izango da bertso-saioa eta hortik aurrera oraingoz egoitza hauetan egingo dituzte saioak: Azkoitia, Oiartzun, Lazkao, Beasain, Arrasate, Bergara, Azpeitia, Donostia eta Tolosan.