Onintza Garcia: "Geroz eta harreman gehiago dugu bertso-eskolen artean"
Larunbatean Bertso-eskolen Eguna izango da Agurainen. Lau urte pasa dira lehenengo aldiz Lesakan egin zenetik eta orduan sortutako bertso-eskolen batzordeak ibilbide polita izan du. Onintza Garcia eta Oier Arbina batzordeko kideak dira eta eurekin hitz egin dugu larunbateko Bertso-eskolen Egunari buruz eta bertso-eskolen batzordearen ibilbideaz.
Orain dela lau urte egin zen lehenengo aldiz Bertso-eskolen Eguna Lesakan. Orduan jarri zen martxan bertso-eskolen batzordea eta geroztik Zarautzen, Markina-Xemeinen eta Senperen ospatu da. Larunbatean bosgarrena izango da Agurainen.
Hala ereOnintza Garciak, Zarauzko bertso-eskolako kideak eta bertso-eskolen batzordeko partaideak azaldu digunez, "bertso-eskolen batzordearen funtzioa ez da bakarrik bertso-eskolen egunak antolatzea, baizik eta helduen bertso-eskolen formakuntzarako beharrezkoak diren materiala eta formazio-saioak ere berak bideratzen ditu".
Oier Arbina aguraindarra, Arabako Lautadako bertso-eskolako kidea izanik burubelarri dabil larunbateko Bertso-eskolen Egunaren antolaketan. Partaide berria da batzordean eta argi dauka "on egingo diela Euskal Herriko beste bertso-eskolekin harremanetan jartzeak". Bien ustez hori baita "Bertso-eskolen Egunaren eta batzordearen helburu nagusia, beste bertso-eskoletako kideak ezagutzea eta harremanetan jartzea".
Aurreratu ziguten moduan, "Bertsotruk" aurkeztuko dute larunbatean; bertso-eskola ezberdinetako kideei elkarrekin kantatzeko aukera emango dien ekimena, hain zuzen ere. Onintzak dion bezala "geroz eta lazo gehiago sortzen jarraituko dugu".
Larunbaterako zita beraz egina: eguerditik aurrera izango da zer egin, zer ikusi eta zer entzun Aguraingo Bertso-eskolen Egunean.