Europa Bat-batean 2016-04-16

Hasi da kantu inprobisatuaren jira

Gaur Bilbon izan da Europa Bat-batean egitasmoko lehen saioa. Bertsolarien jardunaz gain, Kurdistan, Sardinia eta Herrialde Katalanetako kantu inprobisatua ezagutzeko aukera ederra izan dute Azkuna Zentrora gerturatu direnek. Elkar ezagutzeaz gain, herrialde ezberdinetako inprobisatzaileak elkarrekin kantatu dute. Bihar Hernanin izango da saioa, arratsaldeko 19:00etan Biteri aretoan.
Gaur izan da Europa Bat-batean egitasmoko lehen saioa Bilboko Azkuna Zentroan eta honekin eman zaio hasiera aste osoko jirari.

Eguerdian hasi eta bi orduko ikuskizuna eskaini dute Kurdistango Zinar Ala dengbêj-ak; Sardiniako Simone Monni eta Paola Dentoni cantadoriek eta Stefano Cara eta Michele Deiana ahots laguntzaileek; Herrialde Katalanetako Christian Simelio eta Anais Falco corrandistek eta beraiekin aritzen den Gerard Diez musikariak; eta Igor Elortza eta Ane Labaka bertsolariek.

Ohiko bertso-jaialdi baten antzeko egitura izan du saioak. Hasteko, agur bana abestu dute denek eta jarraian, Maite Berriozabalek jarritako gaiei abestu diete inprobisatzaileek. Aipatu, Zinar Ala kurdistandarrak "bertso-jarri" moduan ezagutzen ditugun prestatutako "bertsoak" abestu dituela. Hasieran, bereizita abestu dute bertsolariek, cantadoriek eta corrandistek baina gero, nahastuta ere aritu dira kantuan. Ane Labakak cantadoriekin abestu du eta Igor Elortzak corrandistekin.

Bukaerako agurrekin eman diote amaiera saioari eta entzuleek zutituta txalotu dituzte inprobisatzaileak.

Biharko saioa Hernanin
Arratsaldeko 19:00etan hasiko da biharko saioa, Hernaniko Biteri aretoan. Kurdistan, Sardinia eta Herrialde Katalanetako inprobisatzaileekin batera arituko dira kantuan Arrate Illaro eta Maialen Lujanbio bertsolariak.

Europa Bat-batean bertsotan: Malen Amenabar
Bertsolarien sentipenak: Igor Elortza eta Ane Labaka

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri