Atzo iluntzean jendetza elkartu zuen Iruñean Europa Bat-Batean ekimenak. Inprobisatzaile katalan, kurdu, sardiniar eta euskaldunek beren kantu inprobisatuak aurkeztu eta elkarrekin esperimentatu zuten. Gaur Markina-Xemeinen izango da hitzordua, iluntzeko 19:00etan Kontzejupean.
Herriz herri aurrera doa Europa Bat-Batean ekimena. Atzo laugarren saioa izan zen Iruñeko Zentral aretoan, eta lepo bete zen antzokia saioa jarraitzeko. Entzuleen berotasunari erantzunez, saio hunkigarria eskaini zuten Mireia Mena eta Ferriol Macip glosadore katalanek, Julio Soto eta Miren Amuriza bertsolariek, Simone Monni eta Paola Dentoni cantadori sardiniarrek eta Zinar Ala artista kurduak. Aurreko saioetan bezala, nork bere kultura eta nork bere inprobisatzeko modua azaldu zuen lehenik, eta ondoren inprobisatzeko modu ezberdinak elkartu ziren. Tartean, Mireia Menak eta Miren Amurizak jatorri katalaneko doinu batean inprobisatu zuten. Inprobisatzaileekin baterak musikari laguntzaile lanetan aritu ziren Stefano Cara eta Michele Deiana ahots laguntzaileak eta Marcel Marimon musikaria. Haritz Casabal aritu zen aurkezle lanetan eta Irati Majuelo, Maddalen Arzallus eta Renato Capocchia itzultzaile moduan.
Arratsaldean Markina-Xemeinen
Bilbo, Hernani, Donostia eta Iruñean izan ondoren, Markina-Xemneina iritsiko da gaur Europa Bat-Batean ekimena. Iluntzeko 19:00etan izango da hitzordua Kontzejupean.