Europa Bat-Batean 2016-04-24

Agur ederra Aramaion

Aramaion izan zen atzo Europa Bat-Batean ekimeneko azkeneko girotze saioa. Simone Monni eta Paola Dentoni cantadoriekin eta Kurdistango ordezkari gisan etorritako Zinar Alarekin batera Xabi Igoa eta Beñat Gaztelumendi aritu ziren bertsotan.
  Atzo bukatu ziren Europa Bat-Batean ekimeneko girotze saioak. Joan zen larunbatean Bilbon hasitako bidea Hernani, Donostia, Iruñea, Markina-Xemein eta Uztaritzetik pasa eta Aramaion iritsi da bere helmugara. Agur hunkigarria izan zen atzokoa.

 Aurreko saioetan bezala, Sardiniatik etorritako Simone Monni eta Paola Dentoni cantadoriak eta Stefano Cara eta Michele Deiana ahots laguntzaileak eta Kurdistandik etorritako Zinar Ala aritu ziren kantuan. Beraiekin batera, Euskal Herriko bi ordezkari bertsotan: Xabi Igoa eta Beñat Gaztelumendi. Itzultzaile lanetan Irati Majuelo, Miren Ibarluzea eta Renato Capocchia aritu ziren eta Iker Iriartek aurkeztu zuen saioa.

 Laguntzaileak ere kantari

 Aramaioko entzuleek bero hartu zituzten inprobisatzaileak, eta saio hunkigarria atera zen. Azkeneko agurretan itzultzaile eta ahots laguntzaile lanetan aritutakoak ere kantura atera ziren "Egun da Santimamiña" doinuan. Irati Majuelo, Miren Ibarluzea, Renato Capocchia eta Stefano Cara gainerako inprobisatzaileen ondoan aritu ziren koplatan.

 Uztailean gehiago

 Honenbestez bukatu dira udaberriko girotze saioak. Sardiniarrak, kurduak eta katalanak ez dira, ordea, aurten Euskal Herrian izango diren atzerriko inprobisatzaile bakarrak izango. Uztailean beste hainbat herrialdetatik etorritako inprobisatzaile eta ikertzaileak elkartuko dira Kantu Inprobisatuaren Nazioarteko Topaketan, Donostian. Goizetan jardunaldi akademikoak izango dira Miramar Jauregian EHUko Udako Ikastaroen baitan eta, arratsaldeetan, emanaldiak izango dira Gipuzkoako hiriburuko hainbat txokotan. Saio akademikoetan izena emateko aukera dago jada.


 -Europa Bat-Batean bertsotan: Paula Amilburu
 -Bertsolarien sentipenak: Xabi Igoa eta Beñat Gaztelumendi

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri