Dengbêja: bizi-nahi bati lotutako ahozko kantu inprobisatua
Lau estatutan banatutako lurraldea da Kurdistan, eta historian zehar bere herria eta kultura zanpatuak izan dira. Ahozko kantu inprobisatuak ahotsa eman die ahotsik gabeei. Zinar Alak eman dizkigu gakoak.
Europa Bat-Batean ekimeneko Girotze Saioak izan ziren orain dela bi aste. Bertara Kurdistango bi dengbêj edo inprobisatzaile ziren etortzekoak, baina kontsulatuan arazoak izan ondoren, Zinar Ala etorri zen azkenean. Kurdistango herriaren, kulturaren eta kantu inprobisatuaren berri eman zigun.
Azaldu zuenez, historikoki zanpatua izan da Kurdistango kultura. Bere historia, historia idatzi ofizialetik kanporatua, ahoz aho kontatu eta kantatu izan da. Emakumeek plazan espazio mugatua izan duten arren, azken urteotan aldaketak izan direla azaldu zigun Zinar Alak.