Plazatik Gaztetxera sariketa 2012-05-22

Mikel Artola eta Imanol Irazustabarrenak egin dute aurrera

Joan zen larunbatean Zumaian jokatu zen bigarren kanporaketa. Alegiarrekin batera buruz burukoan aritu ziren Maddi Gallastegi eta Jon Ruiz de Pinedo. Ander Solozabal eta Jagoba Apaolaza eta Hodei Iruretagoiena eta Joritz Bastarrika ere oholtza gainean aritu ziren.
 Joan zen larunbatean jokatu zen Plazatik Gaztetxera sariketako bigarren kanporaketa Zumaiako Torreberri Gaztetxean. Aukeran jende gutxi xamar hurbildu bazen ere, giroa ederki berotu zen, eta saio polita eskaini zuten bertsolariek. Aurten, berrikuntza moduan, bikoteka jokatzen da sariketa, eta honela gelditu ziren puntuazioak:

 1.- Mikel Artolak eta Imanol Irazustabarrenak   204,5 puntu
 2.- Maddi Gallastegik eta Jon Ruiz de Pinedok   201,5 puntu
 3.- Ander Solozabalek eta Jagoba Apaolazak      198 puntu
 4.- Hodei Iruretagoienak eta Joritz Bastarrikak 174 puntu

 Saioaren lehenengo zatia bukatu ondoren epaileek alegiarrei eman zizkieten puntu gehien. Dena den, publikoak hala erabakita, Maddi Gallastegi eta Jon Ruiz de Pinedorekin buruz burukoa jokatu behar izan zuten. Azkenean alegiarrek eraman zituzten etxera bai hurrengo faserako txartela eta baita Gaztetxeak oparitutako kamisetak eta sagardo botila ere.

 Hurrengo saioa Markinan izango da, larunbat honetan.

 
 Zumaiako Gaztetxetik honako kronika hau bidali dute:

 MIKEL ARTOLA ETA IMANOL IRAZUSTABARRENAK BATU ZITUZTEN PUNTU GEHIEN ZUMAIAN JOKATURIKO PLAZATIK GAZTETXERAKO BIGARREN KANPORAKETAN

 Jende gutxi baina giroa bero larunbatean Zumaian jokaturiko Plazatik Gaztetxerako bigarren kanporaketan. Denetariko bertsoak utzi zituen gipuzkoar eta arabarrez osaturiko saioak: bertso antologikoak, apologikoak eta ez oso logikoak.

  Bertsolarien agurrak entzun orduko berotu ziren Zumaiko Torreberri gaztetxean elkartu ziren bertsozaleak. Agur tradizionaletatik berezienetaraino, gasteiztarrek barrez jarri zuten gaztetxea hasiera hasieratik.
   Ofizio ederrak entzuteko aukera izan genuen, bai zortziko handian, baita txikian ere. Laukoteak koplatan eginiko saioak ez zuen distira eta bizitasun handiegirik izan, baina epaileak kalkulo matematikoak egiten zituzten bitartean eta herriak bere hitza eta erabakia papertxo batean idatzi artean zortzi bertsolariek puntuka eginiko saioan berreskuratu zuten bizitasuna eta umorea. Bakarkako gaiekin ondo asmatu zuten lau bertsolariek. Gaiak zabalak izan arren, bakoitzak bere istorioa eta bidea asmatu eta bertso hunkigarriek, gordinek, gorriek edo beltzek gozatu zituzten entzuleen belarriak. Aipatzekoak Mikel Artolak “aspaldian beTi goizean goiz  heltzen zara etxera” gaiaren ingurunan abesturikoak. Alegiarrak puntuz-puntu josi zituen bi bertsoak, amaiera indartsuekin errematatuz.
   Ander eta Jagoba gasteiztarrek bertsoaldi guztietan utzi zuten beren arrastra, Hodei zarauztarra ere oso txukun aritu zen eta bere bikote Joritz Bastarrika gaztea ere saio oso polita eginda eseri zen aulkian.
   Puntuaketak hodeietan, alegiko bikotea izan zen epaileen gustukoena. Publikoak erabaki zuen Zalduondo eta Zumaiako bikotea entzun nahi zuela buruz burukoan.

-Mikel Artola eta Imanol Irazustabarrena: 204’5
-Ander Solozabal eta Jagoba Apaolaza: 198
-Maddi Gallastegi eta Jon Ruiz de Pinedo: 201’5
-Hodei Iruretagoiena eta Joritz Bastarrika: 174

   Jon Ruiz de Pinedo “jonpi” zalduondoarra bikain aritu zen hamarreko txikiko ariketan. Artola eta bere arteko harremanaren urteurrena ospatzeko afari erromantikoa egitekotan zirela, Jonpik McDonald’s-era eraman zuen Artola. Euro bateko hamburgesak, Coca-Cola eta Mcpollo artean, ospatzen zuten azken urteurrena izango zela erabaki zuten. Plastikozko katxi basoari eta gatetxeko baso berrerabilgarriari ere bertso ederrak bota zizkieten Imanol Irazustabarrena alegiarrak eta Maddi Gallastegi zumaiarrak.
   Alegiko bikotea izan zen zuzenean bigarren fasera pasa zena, eta gaztetxeko kamiseta eta sagardo botila banarekin itzuli ziren bertsolariak etxera, parrandara…
 

Albiste gehiago

Jone Larrinaga Dañobeitia - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-03-28

«Bertsolaritzaren garapena aberatsagoa da espektatibarik gabe»

Mikel Artola Izagirre - Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea 2024-03-26

«Gipuzkoan 10-50 urte bitarteko bertsolari ia denek kantatuko dute udaberrian»

Juanjo Uria Zubiarrain - Bertsolari bertsozale podkasta 2024-03-15

Juanjo Uria: bertsoa eragiletzatik eta pasiotik bizi duen hernaniarra

Araitz Katarain, Izaro Bilbao eta Janire Arrizabalaga - elkarrizketa 2024-03-13

«Bertso munduratze prozesu horretan sortzen diren gatazkak gorpuztuko ditugu, mimoz, arduraz eta umorez»

Larunbat gauean 21:00etan ETB1en 2024-03-07

Hitzetik Hortzera Xabier Rico Arabako txapel emailearekin