Hitzetik Hortzera 2018-03-16

Elorrion eta Zigoitin ibiliko da igandeko Hitzetik Hortzera

Aste honetan Lara Izagirre zinemagilea izango da programako gonbidatua. Elorrion Maialen Lujanbiok eta Igor Elortzak botatako bertsorik onenak eskainiko ditu Hitzetik Hortzeran. Zigoitin, berriz, Oihana Iguaran, Oihana Bartra, Alaia Martin eta Oihane Pereak egindako saioko hautaketa bildu zuten kamerek. Maite Berriozabal aritu zen gai-jartzaile lanetan eta Ixak Arruti eta Gari Otamendi musikari gisan.

 Hitza eta irudia, irudia eta hitza. Batzuetan elkarren lagun eta besteetan elkarren lehiakide agertzen dira bi elementu hauek. Bertsolaritza hitzaren artea bada, irudiaren artean ondo zaildutako pertsona bat ekarriko du aste honetan Hitzetik Hortzera programak: Lara Izagirre zine zuzendari eta gidoilari zornotzarra.

 Ibilbide ederra zineman

 Proiektu askotan parte hartu du Lara Izagirrek zine munduan. "Un otoño sin Berlin" laneko gidoia osatzeaz gain bera aritu zen zuzendari lanetan eta Gariza Films ekoizpen etxearekin "Errementari" filmean parte hartu berri da. Orain Gasteizko Martxoaren 3ko gertakariak ardatz dituen fikziozko lan batean murgilduta dabil.

 Bertsolaritza ere ezagutzen du, eta, besteak beste, 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean izan zen. Bertsoa hitzezko artea izanik eta zinemak hitza eta irudia darabiltzanez, bi elementuen arteko orekaz ariko da hizketan.

 Ikastolaren urteurrenean Elorrion

 Baina bertsorik ere izango da aste honetan. Hilaren 9an Txintxarri Ikastolaren 50. urteurrena ospatzeko festa izan zuten Elorrion. Afalostean bi bertsolari handi aritu ziren kantuan, librean: Maialen Lujanbio eta Igor Elortza. Ikastolaren inguruan, haurtzaroko jolasez... Gai asko hartu zituzten kanturako eta, saioa bukatzeko, puntukako ariketa eder bat ere utzi zuten. Ale onenak emango ditu aste honetako programak.

 Bertso musikatuak Zigoitian

 Hitzez eta irudiz bakarrik ez, musikaz ere hornituko da Hitzetik Hortzera igandean. Martxoaren 10ean bertso-saio musikatua izan zen Zigoitian. Maite Berriozabalek gidatuta eta Ixak Arrutik eta Gari Otamendik musikaz lagunduta aritu ziren kantuan Alaia Martin, Oihana Bartra, Oihane Perea eta Oihana Iguaran. Saio goxo eta umoretsua ondu zuten lauren artean: mitoez kantatzeaz gain pisu-kide paperean aritu ziren Alaia Martin eta Oihana Bartra; martxoaren 8ko prestaketan aritu ziren Oihana Iguaran eta Oihane Perea eta auto bidaia surrealista bat egin zuten Alaia Martinek eta Oihana Iguaranek. Bertsoaldi horiek jaso zituen Hitzetik Hortzerak.

 Igande bazkalostean ETB1en

 Hori guztia eta askoz gehiago izango da ikusgai igande honetan ETB1en. Bazkalostean, 15:00ak aldera hasiko da programa. Eta hortik aurrera, internetez ere ikusi ahal izango da programa, honako helbide honetan: http://www.eitb.tv/eu/

Albiste gehiago

Jone Larrinaga Dañobeitia - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-03-28

«Bertsolaritzaren garapena aberatsagoa da espektatibarik gabe»

Mikel Artola Izagirre - Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea 2024-03-26

«Gipuzkoan 10-50 urte bitarteko bertsolari ia denek kantatuko dute udaberrian»

Juanjo Uria Zubiarrain - Bertsolari bertsozale podkasta 2024-03-15

Juanjo Uria: bertsoa eragiletzatik eta pasiotik bizi duen hernaniarra

Araitz Katarain, Izaro Bilbao eta Janire Arrizabalaga - elkarrizketa 2024-03-13

«Bertso munduratze prozesu horretan sortzen diren gatazkak gorpuztuko ditugu, mimoz, arduraz eta umorez»

Larunbat gauean 21:00etan ETB1en 2024-03-07

Hitzetik Hortzera Xabier Rico Arabako txapel emailearekin