Hitzetik Hortzera 2018-03-23

Iñaki Murua elkarrizketatuko du Hitzetik Hortzerak

13 urtez Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakari izan ondoren, lekukoa zortzikote baten eskuetan utzi berria da gabiriarra. Bere etxera joango da Hitzetik Hortzera. Horrez gain, Zegamako saioko bertsoaldi onenak eskainiko ditu programak, eta baita Biriatun eta Alegian kantatutako bertsoaldi bana ere.

 Une berezian da Euskal Herriko Bertsozale Elkartea: martxoaren 10ean Iruñean egindako Batzar Nagusian lekukoa pasa baitzuten Iñaki Murua lehendakariak eta Xabier Gaztelumendi idazkariak. Hemendik aurrera zortzikote bat ariko da lehendakaritza taldean, orain arteko zuzendaritzan txertatuta.

 Iñaki Muruari elkarrizketa

 Garai bereziak are bereziagoak izaten dira norbere barruan bizi direnean, eta horren testigantza jaso asmoz Gabiriara joango dira Hitzetik Hortzerako kamerak aste honetan. Bertakoa baita 13 urtez Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakari izan dena: Iñaki Murua. Bere hizkera berezi, irudimentsu eta umorez jantzian kontatuko ditu une honetako sentipenak, eta baita Bertsozale Elkartean orain arte egin dituen urteetan bizi izandakoak ere.

 Iñaki Muruaren bertsoak

 Baina hizketan soilik ez, hitz neurtuetan ere abila da gabiriarra. Plazan ibilbide oparoa osatu du, eta, besteak beste, 1986 eta 1989ko Bertsolari Txapelketa Nagusietako eta 1991 eta 1995eko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketetako finaletan aritua da. Bere bertsoaldirik onenak izango dira ikusgai igandean, eta baita bertsolari bezala izan dituen esperientziak ere.

 Bederatzikotea Zegaman

 Eta, noski, gaurkotasun handiagoko plazako jarduna ere izango du programak. Joan zen igandean bederatzi bertsolari aritu ziren Zegaman kantuan, Amaia Agirre gai-jartzaile zutela. 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean aritu zen zortzikotearekin -Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Sustrai Colina, Amets Arzallus, Igor Elortza, Aitor Sarriegi, Beñat Gaztelumendi eta Unai Agirre- batera aritu zen Iker Zubeldia. 400 lagun inguru aurrean zituztela saio ederra osatu zuten denen artean, eta alerik onenak eskainiko ditu Hitzetik Hortzerak.

 Biriatu eta Alegiko bertsoaldiak

 Bertsolari Txapelketa Nagusiko finaleko zortzikotea aritu zen Zegaman, baina txapel kontuak izan zituzten Biriatun ere martxo hasieran. Azkeneko hiru txapeldunek -Maialen Lujanbiok, Amets Arzallusek eta Andoni Egañak- elkarri desafioka jardun zuten. Eta Andoni Egaña bera umoretsu aritu zen Alegian ere Jon Maia, Oihana Iguaran eta Beñat Gaztelumendirekin batera, gaztetxeari kantari.

 Igande bazkalostean ETB1en

 Hori guztia eta askoz gehiago izango da ikusgai igande bazkalostean, 15:00ak aldera, ETB1en. Eta hortik aurrera, nahieran, EITB Nahieran-en.

Albiste gehiago

Jone Larrinaga Dañobeitia - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-03-28

«Bertsolaritzaren garapena aberatsagoa da espektatibarik gabe»

Mikel Artola Izagirre - Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea 2024-03-26

«Gipuzkoan 10-50 urte bitarteko bertsolari ia denek kantatuko dute udaberrian»

Juanjo Uria Zubiarrain - Bertsolari bertsozale podkasta 2024-03-15

Juanjo Uria: bertsoa eragiletzatik eta pasiotik bizi duen hernaniarra

Araitz Katarain, Izaro Bilbao eta Janire Arrizabalaga - elkarrizketa 2024-03-13

«Bertso munduratze prozesu horretan sortzen diren gatazkak gorpuztuko ditugu, mimoz, arduraz eta umorez»

Larunbat gauean 21:00etan ETB1en 2024-03-07

Hitzetik Hortzera Xabier Rico Arabako txapel emailearekin