Igandero ETB1en 2018-11-16

Bertsolariak iritzi sortzaile igandeko Hitzetik Hortzeran

Bertsolariak iritzi sortzaile igandeko Hitzetik Hortzeran
Bertsolariak hitza erabiltzen du komunikatzeko eta gauza arrunta badirudi ere ezin da gutxietsi beraren ahalmena. Bertsolariek badakite zerbait horri buruz eta praktikan jartzen dute bai oholtza gainean, baita bestelako talaietan ere. Igandeko programan Onintza Enbeitarekin elkartuko gara: plazan, irratian, telebistan, prentsan... dabilen iritzi-emaile multimediarekin. Bertsoak ez dira faltako eta Gernika-Lumo, Beasain eta Errenteriako bertsoaldiak entzungo ditugu

Bertsolariak, iritzi sortzaile

Hitzak bidea zabal dezake, edo itxi. Parekoa haserretu edo baretu. Hitz batek konbentzitu egin gaitzake. Bertsolariek ingurune ezberdinetan jartzen dute praktikan hitzak duen eragiteko ahalmena. Denboraren zati garrantzitsu batean bertsolariak oholtza gainetik eman ohi du iritzia librean edo gaia emanda, alegia, plaza du bere eragin-esparru. Dena den askok iritzia emateko beste eremu batzuk ere probatu dituzte. Zaila da gaur egun irratitik igaro ez den edo prentsa idatzian zutabe bat argitaratu ez duen bertsolari bat izendatzea.

Onintza Enbeita, iritzi sortzaile multimedia

Plazan, irratian Gaztea eta Euskadi Irratian, telebistan Gure Kasan, prentsa idatzian Berrian... iritzi emaile multimedia da Onintza Enbeita. Hitzak eta iritziak zorroztuta ditu igande honetako programako protagonistak. Euskarri bakoitzak zer duen interesgarritzat galdetuko diogu eta baita nola daraman iritzi sortzaile izatearen kontzientzia ere. Bere iritzia ematen duenean zer den irakurle edo entzulearengan sorrarazi nahi duena jakingo dugu. Erraza izaten da esateko zerbait izatea baina Berria egunkarian egunero-egunero idazten du Enbeitak. Nola inspiratuko da egunero zer idatzia izateko?

Bertso-saioetan gai baten inguruan iritzia emateko eskatzen zaio bertsolariari. Oholtzara igo aurretik hausnarketa propioak egitea komeni den ala ez galdetuko diogu. Horrez gain plaza ezberdinetan benetan sentitzen dena kantatzeko askatasuna izaten den ala ez ere. kontatuko digu.

Bertso jaialdiak Beasain, Errenteria eta Gernika Lumon

Igandeko programan hiru herritara joango gara bertako bertsoaldiak entzuteko. Beasainen urteroko bertso-saioa izan zen Usurbe antzokian eta kantuan ziren German Urteaga, Maddi Aiestaran, Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Jone Uria eta Maialen Lujanbio. Gai-jartzaile lanak Mikel Urteagak egin zituen. Errenterian bertso-jaialdia antolatu zuten Niessen aretoan. Oholtzan ikusi genituen Amets Arzallus, Alaia Martin, Jon Maia, Igor Elortza, Andoni Egaña eta Sustrai Colina. Gai-jartzaile lanak Amaia Agirrek egin zituen. Gernika-Lumora ere joango ginen eta bertan urriko azken astelehen bezperako bertso-saioko bertsoaldiak jaso genituen. Kantuan aritu ziren Unai Iturriaga, Oihana Iguaran, Andoni Egaña, Jone Uria, Aitor Sarriegi eta Etxahun Lekue. Gai-jartzaile lanetan Oninta Enbeita. Hiru bertso-saio horietako bertsoaldi onenak eskainiko ditugu igandeko Hitzetik Hortzeran.

Igande bazkalostean ETB1en

Hori dena igandean arratsaldeko 15:00etan Euskal Telebistako lehen katean. Eta zuzenean ikusi ezin duenak internetez ere izango du aukera, EITBren Nahieran orrian

Albiste gehiago

Jone Larrinaga Dañobeitia - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-03-28

«Bertsolaritzaren garapena aberatsagoa da espektatibarik gabe»

Mikel Artola Izagirre - Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea 2024-03-26

«Gipuzkoan 10-50 urte bitarteko bertsolari ia denek kantatuko dute udaberrian»

Juanjo Uria Zubiarrain - Bertsolari bertsozale podkasta 2024-03-15

Juanjo Uria: bertsoa eragiletzatik eta pasiotik bizi duen hernaniarra

Araitz Katarain, Izaro Bilbao eta Janire Arrizabalaga - elkarrizketa 2024-03-13

«Bertso munduratze prozesu horretan sortzen diren gatazkak gorpuztuko ditugu, mimoz, arduraz eta umorez»

Larunbat gauean 21:00etan ETB1en 2024-03-07

Hitzetik Hortzera Xabier Rico Arabako txapel emailearekin