Igandero ETB1en 2019-02-22

Bertsolaritzaren kontrasteak, Hitzetik Hortzeran

Bertsolaritzaren kontrasteak, Hitzetik Hortzeran
Aste honetan kontrasteei buruz arituko gara. Nola kantatzen dute bertsolariek gaur hiriko aretoan, bihar tabernan eta etzi herriko plazan? Maialen Lujanbiok eman dizkigu zenbait gako: Lasarte-Oriako bertso saio literarioan eta Astigarragako Ipintza sagardotegiko bertso bazkarian egon gara berarekin.

 

Inguru ezberdinetara egokitu behar denari buruz hitz egiterako orduan askotan erabili ohi da kameleoiaren metafora. Bertsolariek, kameleoiak bezala, ingurura egokitzen ikasten dute. Asteburu batean bi saio guztiz ezberdinetan kantatzea suerta dakieke. Horren adibide izango dira aste honetako Hitzetik Hortzera programako bi bertso saioak. Maialen Lujanbio kantuan ikusiko dugu Lasarte-Oriako bertso saio literarioan eta, hurrengo egunean, Astigarragako Ipintza sagardotegiko bertso bazkarian. Nola aldatu azalez hainbestetan eta esentzia mantendu aldi berean?

Maialen Lujanbio, kolore ezberdinetan eroso dabilen kameleoia

Igandeko programan Eider Perez aurkezlea, Maialen Lujanbiorekin elkartuko da. Gaur egun kantuan diharduten bertsolarien artean jendaurrean gehien kantatzen duen bertsolarietako bat da hernaniarra. Zeintzuk izango dira beretzat gaur plazan, bihar aretoan eta etzi sagardotegian gustura eta eroso kantatzeko gakoak? Jakin badakigu bertsolariak ez duela soilik kamaleoiak bezala kolorez aldatzeko lana egin behar. Bertsolariak kolore ezberdin horietan eroso jarduten ikasi behar du. Aste honetan Maialen Lujanbio bertso-saio literarioan kantuan ikusiko dugu afalostean eta hortik ordu gutxi batzuetara sagardotegiko bertso-bazkarian. Gorputzaldi aldaketa hori nola egiten duen jakingo dugu; eta horrez gain, bertsolariak publikoa nola irakurtzen duen ere galdetuko diogu.

Lasarte-Oria eta Astigarragako bertsoaldiak

Hala, bertsolaritzaren kontrasteak bistaratzeko, kontraste handiko bi saio ekarriko ditugu pantailara. Lasarte-Oriako bertso saio literarioan kantuan aritu ziren Ane Labaka, Maialen Lujanbio eta Uxue Alberdi; gai jartzaile lanak Oier Guillan aktoreak egin zituen. Bestalde, Astigarrako Ipintza sagardotegian Zaporeak elkartearen aldeko bertso bazkarian kantuan izan ziren Amets Arzallus eta Maialen Lujanbio.

Hitzetik Hortzeraren 30. urteurrena

Gure programak 30 urte bete ditu eta hori ospatzeko hilero-hilero lehen programa horietako irudiak eta bertsoak berreskuratzen dihardugu. Igandeko programan bigarren atala gogoratuko dugu. Jon Lopategi eta Jon Enbeita Andoainen entzungo ditugu bertsotan. Mutrikuko bertso bazkari batean Imanol Lazkano, Jon Azpillaga eta Roman Maiz “Okelar”. Gainera, Lazkao Txikiren eta Manuel Lasarteren hitzak ere ekarriko ditugu gogora.

Igandean, 15:00etan, Euskal Telebistako lehen katean; eta zuzenean ikusi ezin duenak Internetez ere izango du aukera, EITB Nahieran atarian.

Albiste gehiago

Anonyme Popularren agurreko kontzertuak maiatzean eta ekainean 2024-04-18

Anonyme Popular: 'Azken agurrak' bira Gasteiz, Baiona eta Bilbon

Maddi Aiestaran Iparragirre - Osinalde Sariko balorazioa 2024-04-08

«Helburua zen guretik kantatzea eta uste dut neurri handi batean lortu dugula»

Jone Larrinaga Dañobeitia - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-03-28

«Bertsolaritzaren garapena aberatsagoa da espektatibarik gabe»

Mikel Artola Izagirre - Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea 2024-03-26

«Gipuzkoan 10-50 urte bitarteko bertsolari ia denek kantatuko dute udaberrian»

Juanjo Uria Zubiarrain - Bertsolari bertsozale podkasta 2024-03-15

Juanjo Uria: bertsoa eragiletzatik eta pasiotik bizi duen hernaniarra