Mende erdia da Fernando Aire Etxart “Xalbador” hil zenetik. Urteurrenaren bezperan Bertsoa.eus-ek lau mugarritara ekarri zuen urepeldarraren bertso bide emankorra, artxiboetako irudiak arakatuz. Gure aitortza xumea bertsolaritzaren eta euskal kulturaren ikur handietako bati.
Gernikako Jai Alai pilotalekuan bertsolariek kantatutakoak eragin zuen soinuari hitzak jarri dizkio Maddi Aiestaranek. Iritziarena atalean Euskal Herriko bertsolari txapelketako saioei buruzko iritziak batzen jarraitzen dugu Erika Lagoma Pombar eta Maddi Aiestaran Iparragirreren eskutik. Aiestaran izan zen Gernikan. Beasaindarraren iritzia irakurtzeko eta entzuteko moduan duzue.
Gernikako Jai-Alai pilotaleku ederrean kantuan aritu ziren Aitor Mendiluze Gonzalez, Aner Peritz Manterola, Joanes Illarregi Marzol, Ane Labaka Mayoz, Aitor Bizkarra Ruiz eta Agin Laburu Rezola. Igor Menika Bengoetxeak egin zituen gai-emaile lanak. Bertsoaldiak ikus-entzuteko moduan dituzue.
1976ko azaroaren 7an zendu zen Fernando Aire Etxart “Xalbador”. 50 urte betetzear direnean Bertsoa.eus-en ikus-entzunezko txiki bat ondu dugu artxiboak arakatuz, urepeldarraren bertso bidean lau mugarri azpimarratuz.