Piztu Lezo Gazte Asanbladaren eskutik, laugarren edizioa du bertso sariketa musikatuak. Lezora bertsoa ekarri eta gazteak bertsozaletzeko helburuz sortu zen sariketa honen ingurukoak bildu ditugu Bertsoan. Ostiral honetan izango da aurtengo Muxikatu sariketako bigarren saioa.
"Ez dira alferrik pasa lau urte", hala dio Erika Lagoma Pombar-ek Eibarko saioko protagonistei erreparatuz. Iritziarena atalean Euskal Herriko bertsolari txapelketako saioei buruzko iritziak batzen jarraitzen dugu Erika Lagoma Pombar eta Maddi Aiestaran Iparragirreren eskutik. Lagoma izan zen Eibarren. Lesakarraren iritzia irakurtzeko eta entzuteko moduan duzue.
Bigarren finalaurrekoa bete betekoa izan zen, Eibarko Ipurua kiroldegia jendez lepo zela. Seikotea hau: Nerea Ibarzabal Salegi, Alaia Martin Etxebeste, Miren Artetxe Sarasola, Oihana Iguaran Barandiaran, Nerea Elustondo Plazaola eta Asier Azpiroz Iztueta. Igotz Alkorta Irastorzak egin zituen gai-emaile lanak.