Mende erdia beteko da bihar Fernando Aire Etxart “Xalbador” hil zenetik. Urteurrenaren atarian bertsoak lau mugarritara ekarri du urepeldarraren bertso bide emankorra, artxiboetako irudiak arakatuz. Gure aitortza xumea bertsolaritzaren eta euskal kulturaren ikur handietako bati.
Ostiralero ale berri batekin datorkigu Bertsolari Bertsozale podcasta, bertso munduko hainbat lagunek bertsolaritzarekin duten harremanean sakondu asmoz. Nahia Etxeberri Lopepe da oraingoan protagonista. 18 urteko baxenafartar gaztea txikitan, ikastolan hasi zen bertsotan eta horretan jarraitu du Parisera ikastera joan arte. Bertso bidean eten bat egin du orain, baina bertsoa gogoan duela argi utzi digu. Podcasten atalean entzungai duzue.
Eibarko saioa irabazi zuenetik egun batzuk igaro eta gero, Bertsoa.eus-ek elkarrizketa egin dio Nerea Ibarzabal Salegiri. Saioaren errepasoa patxadatsua egin dugu markinarrarekin eta Txapelketaren pisuaz, motibazioez eta helburuez hitz egin dugu, besteak beste. Elkarrizketa osorik entzungai duzue.
Piztu Lezo Gazte Asanbladaren eskutik, laugarren edizioa du bertso sariketa musikatuak. Lezora bertsoa ekarri eta gazteak bertsozaletzeko helburuz sortu zen sariketa honen ingurukoak bildu ditugu Bertsoan. Gaur, ostirala, egingo da aurtengo sariketako bigarren saioa.
1976ko azaroaren 7an zendu zen Fernando Aire Etxart “Xalbador”. 50 urte betetzear direnean Bertsoa.eus-en ikus-entzunezko txiki bat ondu dugu artxiboak arakatuz, urepeldarraren bertso bidean lau mugarri azpimarratuz.