Egoitz Aizpururen hitzaldiak honako izenburu hau zeukan: "Gai-jartzailea emagin? Gaiaren ikuspegiak eta tonuak ondorengo bertsoaldian". Gai-jartzailea da Egoitz Aizpuru, eta berak daukan funtzioa metafora baten bidez azaldu zuen. Guraso izan berri den bikote batean, aitaren lana amaren eta haurraren arteko binkuloa babestea litzateke, eta lan bera dauka gai-jartzaileak ere: bertsoaren eta bertsolariaren arteko ingurua babestea. 2002ko Bertsolamintzan gai-jartzaileen lanaren alderdi teknikoaz hitz egin zen. Egoitzek dioenez saioaren inguruko dekoratuak eta espazioak ere eragiten dute bertsoaldian, eta gai-jartzaileak horiek erabili egin behar ditu. Gainera, gaiez gain tematika ere landu beharrekoa da, eta bertsolari bakoitzari tematika ezberdinei buruz aritzeko aukera eskaini behar zaio. Dena den, gai-jartzailearen lanaren alderdi emozionalak hartu zuen lekurik handiena bere hitzaldian. Gai-jartzaileak jarriko dituen gaiez seguru egon behar du, hori transmititu egiten baita. Hitzik gabeko komunikazioa oso da garrantzitsua. Oholtza gainean beldurrak martxan jartzen dira eta gai-jartzailea mutilatu egiten da: "bertsolariak onartuko nau?" galdetzen dio bere buruari. Bertsolari eta gai-jartzaileak oholtzan duten harremana, gainera, hortik kanpokoak baldintzatuta egongo da. Egoitz Aizpuru Hamaika Bertute ekimeneko kidea da, eta han bertsolariekin zeukan harremana asko estutu zen. Ohartu zen bertsolariei buruz zeukan informazioa erabil zezakeela eta bertsolariek hori eskertu ere egiten zutela. Ez dio bertsolariari itsusikeriarik egin nahi, baina bere emozioak erabiltzearen alde dago. Gaiak eragina dauka, baina gaia jartzeko intentzioak ere bai. Egoitzek bertsolariaren iritzia plazan entzun nahi du. Publikoak ez daki bertsolaria benetan ari denik, eta egia izateak ez du hainbesterainoko eraginik. Bertsolariak, ordea, ez dauka ahaleginik egin beharrik paperean sartzeko. Beraz, harreman horrek asko balio du bertsotarako.