EHBT26 2026-10-24

Amets Arzallus eta Beñat Gaztelumendi Plazaolako treneko lehen bagoira igo dira

Amets Arzallus eta Beñat Gaztelumendi Plazaolako treneko lehen bagoira igo dira
Amets Arzallus Antia izan da garaile goraino bete den Plazaola kiroldegian, 746,5 eskuratuta. Gertu izan du Beñat Gaztelumendi Arandia 733rekin. Ondoren sailkatu dira Saioa Alkaiza Guaiar, Xabat Illlarregi Marzol, Xabat Galletebeitia Abaroa eta Gorka Pagonabarraga Agorria.

Igotz Alkorta Irastortza

Bertso mailak koska bat egin du gora finalaurrekoak iristearekin bat. Hizketan bezala bertsotan eginez lehen postua eskuratu du Amets Arzallus Antiak. 8ko handian bikain hasi da Gorka Pagonabarraga Agorriarekin. Negurako gordetakoaren erdia jada gastatu duten abeltzainen paperean aritu dira. Bigarren bertsoan laguntza faltaz kexu Arzallus. “Baina ez dago nonbait dirurik finantzaren sabeletan/ dena joan da armagintzan ta Belateko tuneletan”. Zortziko txikian Gaztelumendirekin eroso eta erreferentziak egoki ekarriz aritu ostean, puntuka saioan jendearen irri gehien eragin duen ariketa ondu du Saioa Alkaiza Guaiarrekin. Lehen aldiz Aquagym egiten jarri ditu gaiak. Alkaiza eta Arzallus hurrenez hurren: igeriak baneki nik amets sikira/ lasai ura iristen baitzaizu gerrira. Horrelakoak bata bestearen atzetik ekarri dituzte. Bakarkako eder batekin borobildu du lana. Gaiak honela zion: Denda bateko langilea zara. Duela astebete, Bularreko minbiziren Nazioarteko Eguna zela eta, nagusiak erakusleihoa arrosaz apaintzeko eskatu zizun. Gaur ari zara dena jasotzen. Bigarren bertsoan bere nagusiak minbizia dirua lortzeko erabili izana kritikatu du, hau amaiera: jantzi dena larrosez ta harek ze poza/ ta hurrena Haloween kolore airosa/ dirua bai dugula minbizi gaitz hotza/ ez du bularrik kentzen baina bai bihotza. 746,5 punturekin, seigarren finalera bidean da Arzallus.

Beñat Gaztelumendi Arandiak ariketa guztietan utzi du zerbait Lekunberrin. Zortziko handian bikain hasi da Xabat Illarregi Marzolekin. Honela zioen gaiak: Beñat eta Xabat erreskate taldeko bi kide zarete. Gaur mendira joateko baldintza desegokiak zeudela iragarri den arren, mendizale talde batek gailurrera igo nahi izan du. Haien erreskatetik bueltan zatozte. “Haien bizitza jokatu dute eta gurea ere bai” amaitu du lehenengoa añorgarrak. Hirugarrenean honela, “bi urtean behin etortzen dira, hori da haien nibela/gero instagramen jarriko dute mendizaleak direla”. Zortziko txikian Arzallus eta Gaztelumendi gaztetxeko bi kideren paperean aritu dira, Arzallusek eskatu arren, Gaztelumendik ez du oraindik pankarta egin. Arzallusek lehen bertsoaren amaieran: “kalean txistuz zatoz kantatuz kantua/ zure militantzia pribilegiatua". Gaztelumendik erantzun: “gora autogestioa lelotzat ona zen, ta ari naiz denbora autogestionatzen”. Bakarka berriz, doinu berri bat lagun, guraso izan ostean kontzertuei ezetz esaten hasi den musikariaren paperetik kantatu du, gizonezko generoari eutsiz. Lehenaren amaiera hau: “ustez amaren kasuan beste aukerarik ez zen/ eta ni aita naiz eta askok ez dute ulertzen”. 733 punturekin Nafarroa Arena begiz jota du Gaztelumendik ere.

Gainontzekoak, urrunago
Gainiontzeko lau bertsolariak urrunago geratu dira puntuazioan baina ez eskas aritu direlako. Saioa Alkaiza Guaiarrek behetik gorako saioa egin du, puntuka, bakarka eta hamarreko txikian lanik onenak onduz. Puntuka aipatu dugu lehen Arzallusekin, bakarka berriz hau zuen gaia: Bizitza guztia daramazu zure herriko kirol klubean sartuta, hainbat zereginetan laguntzen. Lehendakari izateko eskatu dizute. Ezetz esan nahi duzu. Lan ederra ondu du gaia Lekunberrin kokatu eta kiroleko genero arrakala bistaratuz. “Lehendakaritzan ez naiz ikusten ez bazaizue inporta/ zurikerian ez dut bete nahi emakumeen kuota” amaitu du lehenengoa. Bigarrena honela: “zinez hartuko nuke kargua/ez zalantza ez itute/oinarritikan nesken kirola bultzatu izan balute”. 689,5 puntu eskuratu ditu gaur, eta argi dago, bertsotan ere bultzaka eta gora eginez datorren bertsolaria da Alkaiza.

Xabat Illarregi Marzolek bixi hasi du saioa Beñat Gaztelumendirekin zortziko handian baina zortziko txikian, gustuko izan ohi duen ariketako lehen bertsoan poto egin du. Puntuka egoerari buelta ematea lortu du lan ona eginez baina ariketa horretan bertsokide zuen Gorka Pagonabarraga Agorriak egin du poto. Agian bakarkakoa izan da gaur apartatzekotan leitzarraren lan onena. 30 urteren ondoren, bankuari etxeko azkeneko kuota ordaindu dionaren paperean kantatu du. “Nere etxea deitzen niona gaur arte ez zen nerea” amaitu du lehenengoa. Bigarrenean honela “angularik ta caviarrik ez du gure armairuko despentsak/horiek gure defentsak/azkenerako teilatupe hau hartu ahalko dut etxetzat/ baina aukera hau izango al da nire seme-alabentzat?”. 674,5 punturekin, Illarregik ziurrenik ez du azken hitza esan txapelketan.

Xabat Galletebeitia Abaroak erregular jardun du Lekunberrin. Zortziko handian eta txikian utzi ditu ale ederrak. Handian Ceutan migranteei laguntzen ari diren GKE bateko kideen paperean aritu da Saioa Alkaiaza Guaiar-ekin, mehatxuak jasaten ari dira horregatik. Alkaizak lehenengoan: ”nahiz eta harriak bota dituzten eta eman muturrean/ jaki banatzen segiko dugu faxismoaren aurrean”. Erantzun Galletebeitiak: “Jarri ditugu gure gorputzak ohatilak eta mahaiak/ guretzat eta hemengoentzat berdinak dira etsaiak”. Bakarka ere sinesgarri aritu da manifestazio baten lehen aldiz parte hartu duen 40 urteko gizonezkoaren paperean. 664 puntu batuta bostgarren, hurrengo saioei beha egon beharko du bigarren itzulira pasako ote den jakiteko.

Gorka Pagonabarraga Agorriak berriz saio gora beheratsuagoa izan du. Zortziko handian Amets Arzallus Antiarekin abeltzainen paperen lan txukuna egin du eta zortziko txikian ere irria eragiten asmatu du Saioa Alkaiza Guaiar-ekin. Honela zioen gaiak: Lanera joateko autoa partekatzen duzuen bi lankide zarete. Txandaka eramaten duzue autoa. Lekunberrin dagoen radar bat da isun tasa altuena duena. Gorka, Saioari azkenaldiak isun asko iritsi zaizkio eta hemendik aurrera autoa zuk eramateko eskatu dizu. “Gidaria nahi duzu orain aldatzea/ ez zaizu okurritu pixkat frenatzea!” amaitu du lehenengoa. Bakarka berriz, duela 10 urte espetxetik atera zen preso baten paperean jarri du gaiak, orduko gutunak irakurtzen. Epika baztertuta, pertsonaiaren barrura sartu da ariketa ederra onduz. Honela amaitu du: “Testuak letzen hasi naiz ta hiru lau berba inguru/ ´Animo Gorka zurekin gaude, eutsi goiari seguru´/ ene lagunok eskerrik asko eusten jarraituko dugu”. Ziurrenik Lekunberrin amaitu da Pagonabarragaren txapelketako ibiliam baina azken agurrean esan duen bezala “egidazue leku bat hor eta segi dezagun gozatzen”. Eibar, Gernika eta Miarritze ditugu horretarako.

Saioetako emaitza, sailkapen, argazki eta hurrengo saioen gaineko informazio guztia eskura duzu Euskal Herriko bertsolari txapelketaren atarian. Lekunberriko bertsoaldi guztiak, bertsolarien balorazioak eta adituen iritziak asteartean izango dituzue eskura. Lehen faseari asteburu bakarra geratzen zaio.

 

 

Albiste gehiago

EHBT26 2026-10-22

Finalaurrekoak, hasiera berri bat

Igotz Alkorta Irastortza

EHBT26 2026-10-20

Doinu berrien oihartzunari jarraika

Igotz Alkorta Irastortza

Txikitik handira 06 2026-10-22

Txapelketeta bakoitzak izan du bere irudia