Bertsozale Elkarteak bultzatuta 2010-05-18

Aurten 15 556 ikaslek landu dute bertsolaritza ikastetxeetan

"Bertsolaritzaren Curriculuma" da proiektuaren oinarri pedagogikoa. 300 ikastetxeetara iritsi dira aurten. Kurtso bukaerako jaialdiak egiten ari dira orain.
 Aurtengoan ere Bertsozale Elkarteak ikastetxeetan bertsolaritza lantzeko ikasturte osoko proiektua eskaini du. Astero irakasle espezializatu baten eskutik, euskara ikasgaiaren barruan lantzen dute bertsolaritza. Aurtengoan 15 556 ikaslerengana iritsi dira Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroan.

 Proiektuaren oinarri pedagogikoa "Bertsolaritzaren Curriculuma" da. Oinarri horrekin, zera lortu nahi da: hizkuntza-komunikaziorako konpetentziak garatzea, haurrak bertsozaletu eta euskararekiko jarrera positiboa izatea, bertsolaritza den kultur adierazpidearen oinarrizko ezagutza izatea eta jendaurrekotasuna lantzea.

 Urtetik urtera ikastetxe gehiagok jotzen dute Bertsozale Elkartearengana. Urte amaieran balorazioa egiten dute, eta ezaugarri hauek baloratzen dituzte ikastetxeek: metodologia dinamikoa izaki ikasleen ohiko errutina apurtzea, hizkuntza lantzeko ematen dituen aukerak, bertsolaritza irakasleek haurrekiko lortzen duten hurbiltasuna eta ikastetxeko ekitaldietan parte hartzeko duten prestutasuna eta ikasleek klasea bera gustuko izatea.

 Urtea bukatzeko jaialdiak egiten ari dira egun hauetan.

 Gipuzkoan "Ikastetxeak Bertsotan" izeneko jaialdiak egiten ari dira. Guztira 8 030 haurrek hartuko dute parte 70 jaialditan, 45 herritan. 113 ikastetxetako haurrak dira, eta beraiekin batera ariko dira tokian tokiko bertso-eskolak eta bertsolariak.

 Iparraldean ekainaren 3an ospatuko dute kurtso bukaerako jaialdia: "Bertsulari Ttiki Eguna". Guztira 20 ikastetxetako 500 haur elkartuko dira Hazparnen. Goizean Eskolarteko Txapelketako finala jokatuko dute haurrek, eta Bertsopaper Lehiaketako sariak banatuko dira ondoren. Bazkalostean, berriz, bertso jolasak egingo dituzte.

 Bizkaian 4 900 ikaslek hartuko dute parte "Kantaldietan". Guztira 35 emanaldi egingo dituzte, Aitor Rubio musikariaren laguntzaz. Euskal kantutegia errepasatzeaz gain beraiek jarritako bertsoak kantatuko dituzte. Horrez gain, ikastetxeen arteko 6 "Topaketa" ospatuko dituzte. Hauetan ere musikari eta bertsolariak ariko dira.

 Araban 750 ikaslek hartuko dute parte "Topaketetan". Guztira 4 egingo dituzte, eskualdeka.

 Nafarroan, azkenik, 1 414 ikaslek hartu dute parte Bertsopaper Lehiaketan. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailarekin batera antolatu dute lehiaketa, eta 5 saio egin dituzte, Oskar Estangak musikaz girotuta.

Albiste gehiago

Nafarroako Txapelketa - Xabat Illarregi Marzol 2025-10-21

«Egin nahi nuenetik nahiko gertu sentitu nuen nire burua Iruritan»

Jexux Mari irazu

Ibai Amillategi Ormaetxebarria - Bizkaiko Txapelketa 2025-10-14

«Gustatuko litzaidake plazako bertsokeratik ahalik eta hurbilen egotea txapelketako saio guztietan»

Jexux Mari irazu

Itzali eta piztu bertso saio elektronikoak 2025-10-09

«Plazan ohikoak ez diren mezuak mahai gaineratzea da helburua»

Erredakzioa

Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-10-09

Amoroto eta Irurako bertso jaialdiak Hitzetik Hortzeran