Hemen da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa. Hazparneko Mendeala gela txalo-zaparrada batekin hartu dugu bertsozaleok; nabarmen geratu da bazela gose-egarririk hemen nonbait. Ez dut esango lau urteko isilunerik izan denik; nik behintzat, ez ditut urruti ikusten duela bi urteko eta duela urtebeteko bertso-udazkenak. Oraintxe ari ginen kotxeak antolatzen Domintxainera, Aramaiora, Agoitzera edo Zeanurira joateko. Oraintxe luzatu ditugu final-ondorenak, beti-betiko jende multzo berarekin korroan, hiriburu batean eta bestean eta bestean. Eta konturatu garenerako, lehenengoz kantatu du sintoniak berriz ere. Aretoaren bazter batetik irten dira sei bertsolariak, eta oholtzaraino joan dira, Aritz Bidegain gai-jartzailearen atzetik, ilaran. Aretoko jende-multzo handienarentzat, berria zen doinua; zenbaitek haren erritmoari jarraitu dio, oinarekin lurrean kolpetxoak joz. Umoretsu dago bertsozalea: zain-zain egon da, eta listo, hasi da saltsa.
Saioaren lehenetik, bertsolariak ere hasteko gogoz suma zitezkeen; hasierako agurretatik erakutsi nahi izan dute, seiek ala seiek, haien asmoak zein ziren. Entzulearekin eta giroarekin batera, saioak aurrera egin ahala egin du berotzera: 8ko handian ofizio txukunak osatu dituzte bertsolariek, baina 8ko txikiko lehenengo ariketatik aurrera igarri da, nabarmenago, publikoaren erantzuna. Miren Artetxek eta Unai Andak umoretsu ekin diote elkarrizketari, eta bertsoaldi polita osatu dute, bi lankideren arteko harremana parodiatuz. Puntu-erantzunetara heltzerako, denak ere saioan sartuta eta hasierako hotzak erantzita sumatu ditut oholtzan. Maddi Ane Txoperenarena izan da ariketarik osoena; hasieratik azaldu duen segurtasuna erakutsi du: bertsoak zorrotz josiz eta entzulearengana iritsiz erantzun ditu Bidegainek jarritako puntuak. Eta ariketa bat nabarmendu beharko banu, esango nuke 10eko txikiko ariketa izan dela bertsoaldi ederrenak utzi dituena. Eki Mateorenak eta Unai Andak estreinatu dute ariketa: adinekoen egoitza bateko bi egoiliarren ahotsetik aritu dira elkarrizketan, heriotzaren eta bakardadearen gainean hausnarketa eginez, karta-jokoan segitzen zuten bitartean; irudi politak utzi dituzte biek ere. Miren Artetxe eta Xabat Galletebeitia izan dira hurrengoak. Oso ofizio ona egin dutela iruditu zait: azken bi urtean lanik izan ez duten bi aktoreren paperean aritu dira, duela bi urte egindako lan bat aurkeztera Zinemaldira iritsi berritan. Arrazoi, irudi eta baliabide aberatsez josi dute ariketa; lan bikaina egin dutela esango nuke. Eta bukatzeko, Maddi Ane Txoperena eta Peru Abarrategi hirugarren gradua ukatu dioten preso baten seme-alaba biren ahotsetik aritu dira: primeran borobildu dute 10eko txikiko ariketa, emozioa eragin duen bertsoaldia izan da. Atsedenaldi labur baten ostean, banan-banan etorri dira bertsolariak ganbaratik oholtzara. Mateorenak, Andak eta Galletebeitiak bide bera hautatu dute gaiari erantzuteko: drogatan sartuta dabilen lagunaren istorioa kontatu dute, bakoitzak bere istorio propioa. Txoperenak bikotekidearen begietara begira osatu du ariketa. Abarrategi aitari zuzendu zaio, ospitalean bere aldamenean jarrita. Eta Artetxek bukaera ederra eman dio saioari, eszena xume eta bikain-deskribatu baten bidez, amarekin batera dutxara doan alabaren ahots eta begietatik. Saioa irabazita, Miren Artetxek Eibarren kantatuko du urriaren 31n.
Hemen da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa. Zeozer nabaritu dut nik ere tripan: ireki berri da uraren txorrota. Antola ditzagun, ba, kotxeak eta egunpasak; luzatu ditzagun saio-ondorenak; konpartitu ditzagun bonuak, sarrerak, tragoak, txupatxusak… Gose-egarrituta dagoenarentzat, aldi eder-ederra izango da datorrena. Toki batean edo bestean lanean aritzea dagokizuenoi, animo; aldi eder-ederra izango da datorrena.