Goiuri Jauregian, 18:00etan 2024-03-13

Gaur hasiko da Bertsolamintza Gasteizen

Gaur hasiko da Bertsolamintza Gasteizen
Gai bati buruz kantatzeko zilegitasunaz gogoetatuko du Maider Arregik. Egoera sozio-ekonomikoari kantatzen al zaion eta zein ikuspetik landuko dute Oihana Iguaran eta Aitor Bizkarrak. Goiuri jauregian Martin de Salinas aretoan, 18:00etan.

Gaur hasiko da Gasteizen Bertsozale Elkartearen 7. Bertsolamintza gogoeta jardunaldia, Goiuri jauregiko Martin de Salinas aretoa, 18:00etan. Bi hitzaldi izango dira, Aroa Arrizubietak bideratuta.

Lehenbizikoan Gai bati buruz kantatzeko zilegitasunaz gogoetatuko du Maider Arregi Markuletak: «Bertsolaritzako oholtzetan ez dauden kolektiboei buruzko eta haiei buruz kantatzen dugunaren inguruko hausnarketa. Zergatik ez daude? Oholtzan gaudenok kanta dezakegu beraien bizipenei eta aldarrikapenei buruz? Erantzuna baiezkoa bada: Zein modutan? Zertarako? Zer egin dugu orain arte? Zer egingo dugu hemendik aurrera?»

Ondoren, Oihana Iguaran Barandiaran eta Aitor Bizkarra Ruizek hartuko dute hitza: Egoera sozio-ekonomikoari kantatzen al zaio? Baiezkoan, ze ikuspegitatik egiten da? Politikari buruzko gaiak. Politika gaiei kantatzen al zaie? Baiezkoan, ze ikuspegitatik egiten da?

Oihana Iguaranen hitzetan «Bertsolariak bizi dituen eta inguratzen duten errealitateak ditu kantagai; beraz, derrigor kantatzen die unean uneko egoera sozio-ekonomikoari eta politika gaiei. Bertsolaritzak praktika komunikatibo gisa dituen baldintzen baitan osatzen da diskurtso hori, eta ondorioz, euskaraz eta Euskal Herritik egiteak ezartzen dizkion ikuspegietatik abiatzen da: mendebaldeko, pribilegio zuridun, hizkuntza minorizatuan eta estaturik gabeko nazio batetik, hasteko. Kontua da, sortzaile gisa zenbateraino aurkitzen zaizkion zirrikituak abiapuntuko marko horri».

Aitor Bizkarrak honela planteatu du gaia: «Ze erlazio du oro har arteak politikarekin eta, partikularki, bertsogintzak? Galdera horretatik abiatuta helduko diot bertsogintzan politikak duen tokiaren auziari. Bestalde, bertsogintzaren ezaugarri behinena bat-batekotasuna dela esaten badugu, ez gara astakeriarik esaten ari. Horiek horrela, zein inplikazio ditu bat-batekotasunaren elementuak bertsogintzaren eta politikaren arteko bidegurutzean? Bat-batean (alegia, modu ez erreflexiboan) egiten ditugun gauzetan zentzu komun dominantea erreproduzitzea da ohikoena. Horregatik, nire hipotesia honakoa da: bertsogintzan zentzu komunarengatiko edo markoarengatiko hegemonia-borrokak existitzen dira».

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri