Itzali eta piztu bertso saio elektronikoak 2025-10-09

«Plazan ohikoak ez diren mezuak mahai gaineratzea da helburua»

elkarrizketa_audioan_musika.mp3.mp4
Elkarrizketa Libe Goenaga, Aner Peritz eta Manex Pagolari.

Erredakzioa

Zuzeneko musika elektronikoa eta bat-bateko bertsolaritzaren arteko elkarlana du abiapuntu 1TZ4L1 3T4 P1ZTU ikuskizuna, eta abiaburua bertsoak eta musikak batzen dituen hiru kideren ideian dago: Aner Peritz Manterola, Libe Goenaga Arrieta eta Manex Pagola Apezetxea. Taldea osatzen dute hiru gai-emailek eta 11 bertsolarik.

ITZALI ETA PIZTU izena du sortu berri duzuen emanaldiak. Zer piztu nahiko zenukete emanaldiarekin? Eta zer itzali?
Manex Pagola Apezetxea: Aparatu elektronikoek funtzionatzen ez dutenean, irtenbide ona izaten da askotan hauek itzali eta piztea. Gauza konkretuak itzali edo piztu baino, saioak duen berezitasunari egiten dio erreferentzia. Orain arte egin denetik desberdintzeko modu bat dela esango nuke. 

Musika eta bertsoa uztartzen dituzue. Ez da bi diziplina horiek bat egiten duten lehen aldia (bertso saio musikatuak…), baina oraingoan musika elektronikoa da joko duzuena. Hori da desberdintasuna? Zergatik elektronikoa? 
Libe Goenaga Arrieta: Denbora da plazan bertsoa musikarekin uztartzen ikusi genuela. Bertsoa kantu melodikoa izanda, joera normala da musikaz hitzak edertzea. Orain arte, ordea, musika estilo antzekoak erabil izan dira horretarako. Lankuren proposamena izan zen gizartean hain modan dagoen musika elektronikoarekin frogak egitea. Bertso- musikatuak garai berrietara egokitzeko modua izan daiteke.

Orain arteko frogetan ezberdintasun nabaria somatu dugu orain arte entzun izan ditugun bertso saio musikatuekiko. Ohiko bertso-saio musikatuetan musikak protagonismoa hartzen du, hitzari indarra kentzen dio batzuetan. Musika elektronikoak hitza edertzen laguntzen du. Musika erabat bigarren planoan geratzen da. Bertsoa barneratzeko atrezzo moduko da bat musika elektronikoa. 

Zein doinu ekarriko dituzue musika estilo horretara? 
Manex Pagola Apezetxea: Lehenago erabili izan diren bertso doinuak egongo dira, baina doinu berriak ere gehituko dira. Bad Bunny, Dido, Rodrigo Cuevas edo Bad Gyalek abestutako doinuak. 

Beste zerbaitetan ere desberdintzen al da ohiko saio musikatu batetatik? Zertan? 
Aner Peritz Manterola: Bai, nik uste dut ohiko saio musikatu batetik ezberdintasun nabarmenak daudela formatu aldaketak edo musika elektronikoa sartzearen honek proiektuaren parte garen kide denoi eragin digulako gure alderdietan. Gai jartzaileak ahalegin berezia egiten ari dira musika estilo berri hauen zaleak edo kontsumitzaileak izan daitezkeen pertsonen errealitateak ekartzen gaietara; gu, musikariok ere, ari gara pixka bat bilatzen musika elektronikoaren oinarrien eta bertsoaren bat-batekotasunaren arteko oreka hori bilatzeko non zeditu, zer berritu, zerekin apurtu… Eta bertsolariak ere ahalegin egiten ari direla kontziente gara autotunearekin kantatzeko, doinu berri hauetara ohitzeko, doinu berri hauek bertso doinu bilakatzeko, doinu zaharrei bertsio berriak bilatzeko, gai berrietara egokitzeko… Uste dut denok ari garela ahalegin egiten eta denok probatu eta konprobatu dugula ohiko bertso saio musikatu batetik harago doan zerbait dela alderdi askotan. Bertso musikatuena nahiko egonkortua dagoen formatua da gaur egun, eta hau bada zerbait berria, denontzat arraroa, zentzu batzuetan deserosoa, probatzen ari garena.. Eta, tira, hortik gauza ederrak sortu daitezkeela uste dugu behintzat, edo esperantza horrekin ari gara. 


Berritasun hauekin guztiekin, zer bilatu nahi izan duzue? Zein helburu duzue? 
Libe Goenaga Arrieta: Bertsoak ohituta ez gauden formetan funtzionatzen ote duen deskubritu nahi dugu. Bertsoa beste perspektiba batetik landu nahi dugu, eta entzulearen erreakzioa ikusi. Musikaz gain, gai-jartzaileek ere erronka handia dute aurretik. Plazan ohikoak ez diren mezuak mahai gaineratzea da helburua. Jendea eskaintzen dugunarekin identifikatuta sentiarazi nahi dugu.
Funtzionatzen badu, jende berria bertsozaletzeko modua izan daiteke. Plazan Bertsolaritzak iraun nahi badu, etengabe berritu behar dira diskurtsoak eta formak. 

Forma emateko prozesua, nolakoa izan da? 
Manex Pagola Apezetxea: Bertso saio elektroniko bat egiteko, elektronika nola sortu pentsatu behar izan genuen. Sekuentziadore edo programazioek ez zuten balio, bertsolarien bat-batekotasuna mantentzea garrantzitsua iruditzen zitzaigulako. Beraz, sintetizagailu eta sanplerrek bitartez funtzionatzuko genuela erabaki genuen. Doinuak adostu eta ensaiatu ondoren estreinatzeko ordua iritsi da, baina oraindik ere prozesuak jarraituko du. 

Lehen plaza egin zenuten, entsegu ireki batekin. Zein sentsazio edo aho zaporerekin gelditu zineten. 
Aner Peritz Manterola: Orain arte bi entsegu ireki egin ditugu, eta egia da denok nahiko beldurtuta edo zalantza dezenterekin joan ginela, baina oso balorazio positiboa egin dugu biena. Nahiko ondo atera dira, denok egon gara eroso nolabait, publikoak erantzun ona eman digu, ongi baloratu du… Nahiko emaitza onak eman ditu oraingoz eta gogoa daukagu entsegu irekiaren tranpatxorik gabe emanaldiekin hasteko.

Dagoeneko data batzuk ere badituzue lotuta… Zer nolako espaziotan egiteko da aproposa? 
Libe Goenaga Arrieta: Espazio informaletan aritzea gustatuko litzaiguke. Proiektuari seriotasuna kendu eta gertutasuna ematea. Kafe antzokiak, txiringitoak, tabernak… espazio idealak dira saio hauetarako. 

Eta zein ikus-entzulerentzat dago sortua? 
Manex Pagola Apezetxea: Orokorrean bertso-saio musikatuak atsegin dituen edonorentzat. Nik uste badela jende gazteagoan pentsatuta sortutako emanaldi bat, baina helduenek ere gozatzeko modukoa da. 

Albiste gehiago

Itzali eta piztu bertso saio elektronikoak 2025-10-09

«Plazan ohikoak ez diren mezuak mahai gaineratzea da helburua»

Erredakzioa

Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-10-09

Amoroto eta Irurako bertso jaialdiak Hitzetik Hortzeran

Larunbat gauean 21:00etan Mirari Martiarenak aurketuta 2025-10-02

Galdakao eta Atarrabiako bertsoak Hitzetik Hortzeran

Xilaba Bertsolari Txapelketaren aurkezpena 2025-09-30

Bertsolariei plaza eta bertsozaleei bertsoaz gozatzeko aukera