Bertsolamintzako hitzaldi guztiak larunbatean Amasa-Villabonan 2024-03-21
Egungo bertsogintzak zeri eta nondik kantatzen dion gogoetatuko dute larunbatean Bertsolamintzako jardunaldiaren baitan Amasa-Villabonan, hitzaldi guztiak bertan aurkeztuta. Goiz osoko gogoeta saioa izango da eta bertso bazkaria izango da ondoren Beharzana Elkartean.
Gai bati buruz kantatzeko zilegitasuna
Bertsolaritzako oholtzetan ez dauden kolektiboei buruzko eta haiei buruz kantatzen dugunaren inguruko hausnarketa. Zergatik ez daude? Oholtzan gaudenok kanta dezakegu beraien bizipenei eta aldarrikapenei buruz? Erantzuna baiezkoa bada: Zein modutan? Zertarako? Zer egin dugu orain arte? Zer egingo dugu hemendik aurrera?. Maider Arregi Markuleta
Egoera sozio-ekonomikoari kantatzen al zaio? Baiezkoan, ze ikuspegitatik egiten da? Politikari buruzko gaiak. Politika gaiei kantatzen al zaie? Baiezkoan, ze ikuspegitatik da?
Bertsolariak bizi dituen eta inguratzen duten errealitateak ditu kantagai; beraz, derrigor kantatzen die unean uneko egoera sozio-ekonomikoari eta politika gaiei. Bertsolaritzak praktika komunikatibo gisa dituen baldintzen baitan osatzen da diskurtso hori, eta ondorioz, euskaraz eta Euskal Herritik egiteak ezartzen dizkion ikuspegietatik abiatzen da: mendebaldeko, pribilegio zuridun, hizkuntza minorizatuan eta estaturik gabeko nazio batetik, hasteko. Kontua da, sortzaile gisa zenbateraino aurkitzen zaizkion zirrikituak abiapuntuko marko horri». Oihana Iguaran Barandiaran.
Ze erlazio du oro har arteak politikarekin eta, partikularki, bertsogintzak?
Galdera horretatik abiatuta helduko diot bertsogintzan politikak duen tokiaren auziari. Bestalde, bertsogintzaren ezaugarri behinena bat-batekotasuna dela esaten badugu, ez gara astakeriarik esaten ari. Horiek horrela, zein inplikazio ditu bat-batekotasunaren elementuak bertsogintzaren eta politikaren arteko bidegurutzean? Bat-batean (alegia, modu ez erreflexiboan) egiten ditugun gauzetan zentzu komun dominantea erreproduzitzea da ohikoena. Horregatik, nire hipotesia honakoa da: bertsogintzan zentzu komunarengatiko edo markoarengatiko hegemonia-borrokak existitzen dira. Aitor Bizkarra Ruiz
Libreko bertsogintzaren kokapena, aukerak eta mugak
Txapelketak eta jaialdiek ardaztutako bertsolaritza aldi luze honetan, behar bada, plazan bertso gehienak librean kantatzen dira oraindik ere. Libreko formatuaz baino libreko jardunaz ari naiz. Erabat librekoa edo hortik gertukoa. Saioen hirutik bat librekoak dira eta ia hirutik bi lagunartekoak batuta, non libreko jardunak presentzia handia duen. Lanketa honetan bertsogintza modu honen kokapena, presentzia, aukerak eta mugak aletuko ditut». Jexux Mari Irazu Muñoa
Botere harremanak: Bertsolariaren itzalaren eta generoaren eragina bertsoaren balioespenean
«Bertsolariak plazaz plaza egiten duen bidean hiru osagaik elkar eragiten dute etengabe: bertsolariak, bertsokideek eta publikoak. Hiruren artean botere-harremanak sortzen dira; bertsolaritza ez dago horretatik salbu. Jakina, bertsolariaren itzalak eta generoak eragina dute harreman horien sorkuntzan, baita ere bertsolariaren sorkuntzari ematen zaion garrantzian.
Generoaren eraikuntzaz eta eraginaz asko hitz egiten dugun arren, bertsolariaren itzalaren eraikuntza ere ez da ausazkoa. Zerk autorizatzen eta desautorizatzen du bertsolaria? Harremanak modu horizontalagoan eraiki nahi baditugu, deseraiki egin beharko dugu itzala orain arte ulertu dugun moduan». Onintza Enbeita Maguregi
Bertsolaritza ideologikoki lerraturik dago? Ideologia uniforme bat dago? Gaur egun ba da desadostasunik diskurtsoan?
Zer da bertsotan egitea? Bertsolaria bertsotan ari denean ideologiarik gabeko gorputz bat al da? Pertsonaia? Zerk bilakatzen du diskurtsoa ideologia? Uniformetasuna ez al da begiradaren araberakoa? Dikotomiak fizkiozkoak diren arren, mundua pentsatzeko marko esanguratsu bat sortzen laguntzen dutela jakinda, artea eta komunikazioa; forma eta diskurtsoa; etxea eta plaza… dikotomiak baliatuko ditut, besteak beste, diskurtso eta ideologia kontzeptuen gainean sortzen zaizkidan galderei erantzunak ematen saiatzeko. Oihana Arana Cardenal
Diskurtso guztiak errespetagarriak dira (?)
Bertsolaritza aztertu eta definitzerako garaian proposamen ezberdinak egin izan dira. Hitzaldi honetan komunikazioa ardatz duen arte diziplina gisa begiratuko diogu bertsolaritzari, eta artearen helburuak betetzeko bertsolaritzak dituen berezitasunak aztertu. Besteak beste, estetikaren eta etikaren arteko kinka, intentzioaren eta edukiaren artekoa, artista eta obraren uztartzea... Horretarako, erreferentzia teorikoak erabiliko dira, adibide praktikoak landu eta aterabide desberdinak mahai-gaineratzeko. Ainhoa Urien Telletxe eta Maialen Akizu Bidegain
Gai-jartzaile autorea
Bertsolaria sortzailea dela inork ez du zalantzan jartzen, baina gai-jartzailea sortzailea al da? Gai-jartzaileak bere kolorea eman behar al dio saioari? Zenbateraino? Ba al dago bertso-saio baterako gaiak prestatzeko irizpide adosturik? Zein gai ekarri nahi dira oholtzara? Nola eta nondik kantarazi behar zaio bertsolariari? Harengandik espero dena eskatu behar al zaio bertsolariari ala espero ez denaren bila joan behar du gai-jartzaileak? Horretaz guztiaz eta zalantza gehiagoz arituko gara bertsolariaren zein gai-jartzailearen talaiatik. Julio Soto Ezkurdia eta Imanol Artola Arretxe Felix
Formatik haragoko lanketa bertso eskoletan; gaien eta ideologiaren lanketa
Bertso eskoletan formatik haragoko lanketak ezinbestekoak direlakoan nago; izan ere, bertsoaldi orok bertsolaria posizio bat hartzera behartzen du. Zenbait ariketa bereziki interesgarriak izan daitezke lanketa horretarako, eta ikasleen adinaren arabera aukeratu izan ditut askotan. 8 urte ingururekin bertso eskolan hasi eta 18 urte bitarterako bidean zenbat du bertso eskolak formaren ikasketatik? Eta edukia? Zenbat eragiten dio bertso eskolako irakasleak haur edo gaztearen pentsakera edo ideologiari? Bertso eskolan gerta litezkeen adibide desberdinetatik abiatuz gogoetarako bidea irekitzea da asmoa. Erantzunak baino, adibideak eta galderak. Odei Barroso Gomila
Bertso eskola bizitza eskola bat ere bada. Taldean konpartitzen dira hainbat gauza; arrazoiak eta emozioak sartzen dira formaren lapiko berean. Hamaika gairi buruzko hausnarketa, iritzi trukaketa, bide eta ideien bilaketa partekatua ematen da bertso eskolan. Prozesu luzea da, zeresanik ez emozioei dagokienean; norbere buruaren ezagutza, bizipenak eta aldian aldiko emozioak ezkutatzen dira formaren azpian. Horiek guztiak azaleratu eta taldean adierazteko aukera ematen digu bertso eskolak. Oihane Perea Perez de Mendiola
Bertso eskolen kasuistika horien kopurua bezain ugaria izango da, seguruenik. Formaz haragoko lanketa beti egiten da, esplizituki ez bada, inplizituki. Besterik da, bertso eskola batean bertsoaren eduki konkretu bat bilatzea edo ildo ideologiko-estetiko bat ezartzeko helburua izatea. Ergelkeria galanta lizateke eta, areago, eskolara doan gaztearengan konfiantzarik eza adieraziko luke. Unai Iturriaga Zugaza-Artaza
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24