Ekainaren 7an, Amasa-Villabonan Subijana Etxean 2024-05-16

‘Emakumeen haria’ jaialdi tematikoa Subijana Etxearen iragana eta bertsolaritza uztartuta

‘Emakumeen haria’ jaialdi tematikoa Subijana Etxearen iragana eta bertsolaritza uztartuta

Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen egoitza Amasa-Villabonako Subijana eraikinaren dago egun. Udalak eraikin horren memoria historikoa berreskuratzeko ekimena antolatu du herritarrentzat, Bertsozale Elkartearen laguntzaz. Helburu horren baitan zenbait ekimen daude abian ekainaren 7rako. Tartean, bertso jaialdi tematikoa, Emakumeen haria gaitzat hartuta: Nerea Ibarzabal, Alaia Martin eta Oihana Iguaran ariko dira kantari, Amaia Agirrek aurkeztuta. Aurretik, Izaro Lizarragak eta Arantxa Orbegozok horma irudi bat margotuko dute eraikinean eta Maialen Lujanbioren bertsoa izango du.

Subijana Etxea, oihal fabrika 1880tik 1960 bitartean
Bertsozale Elkarteak egun duen egoitza oihal fabrika izan zen 1880tik 1960ra eta Villabonako eta eskualdeko langile asko aritzen ziren bertan, horietatik asko emakumeak. Fanny Alonsok Kotoiaren emakumeak proiektuan Andoain, Villabona eta Bergarako oihal fabriken berri jaso zuen, erakusketak osatuz. Alonsok Subijanako oihal fabrikan langile izandako 18 emakume elkarrizketatu zituen, iraganeko testigantzak jasoz.  

Lantegi horretan emakumeek egindako lana ez ezik, Amasa-Villabonako Udalak bertsolaritzan ere emakumeek egindako lana nabarmendu nahi du.

Emakumezko bertsolariak lantegietan bertsotan
Datu historikoek erakusten dutenez, oihal fabriketako emakumeak eta bertsolaritzako emakumeak lotzen zituen haria sendoa zen gainera, Subijana fabrika martxan egon zen garaian: izan ere, oihal fabrikatan bertsotan aritzen ziren, emakume langile bertsolariak, Aña Etxegarai eta Joxepa Antoni Aranbarri Xenpelar kasu.

Subijanako iragana eta oraina uztartuz, oihal fabrikan eta bertsolaritzan emakumeek egindako bidea bistaratzeko ekimena izango da, beraz, ekainaren 7koa.

Egitaraua
Subijana eraikinean bisita gidatua, 17:00etan

17:00etan Subijana etxean bisita gidatua egingo da. Oihal fabrika zaharraren berri emango du Fanny Alonsok, eta bertan lanean aritutako emakume adinekoak gonbidatuko dira bereziki, elkarrizketan aritzera. Eta egun, Subijanan Bertsozale Elkarteak egiten duen lana azalduko dugu Elkarteko kideok.

Emakumeen haria muralaren inaugurazioa, 18:00etan

Izaro Lizarragak eta Arantxa Orbegozok horma-irudian islatu dutena azalduko dute. Maialen Lujanbioren bertsoa ere plazaratuko da ekitaldian.

Oihal fabrikari eta garaiko emakume bertsolariei eskainitako bertso saioa

Bertso saio tematikoak aukera emango digu 1880-1960 urte bitarteko Subijana oihal fabrikaren barrura sartzeko, baita garaian Villabona inguruan bertsolaritzak zuen indarraz jabetu eta fabrikako bat-bateko bertsoaldiak bizitzeko ere, historiako emakume bertsolarien berri ikasiz. Bertsolaritzaren memoria berreskuratzea ere badu helburu bertso saioak.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri