Arantzan jokatu zen atzo 2024-06-16

Haira Aizpurua Ibargarai Eskolarteko txapeldun

Haira Aizpurua Ibargarai Eskolarteko txapeldun
Saratarrari Jose Luis Sukiak jantzi zion txapela. Nahia Etcheverry gelditu zen txapeldunorde. 250 lagun bildu ziren Arantzako frontoian.

Haira Aizpurua Ibargaraik irabazi du 36. Euskal Herriko Eskolartekoa Arantzan, atzo jokatu zen finalean. Saratarrari Jose Luis Sukia Ikastolen Elkarteko ordezkariak jantzi zion txapela. Nahia Etcheverry baxenabartarra gelditu zen txapeldunorde, bere lehen parte hartzean. 250 lagun bildu ziren Arantzako frontoian. 


Hamaika bertsolari aritu dira kantuan, lurralde ezberdinetako ordezkari. Arabatik Hegoi Amabizka eta Iraide Onaindia; Baxe-Nafarroatik: Nahia Etcheverry; Bizkaitik Kelmene Abaitua eta Ekhi Zuluaga; Gipuzkoatik June Aiestaran eta Joanes Azpillaga; Lapurditik Haira Aizpurua eta Unax Aizpurua; Nafarroatik Kattin Madariaga eta Kattalin Lizarraga. Ainhoa Larretxea aritu zen aurkezle eta gai-jartzaile; epaile lanak, berriz, Ainhoa Arregi, Ainhoa Sarasua, Aitor Jimenez, Jon Diaz de Mendibil eta Joseba Beltzak egin zituzten.

Finalak ohi bezala bi atal izan zituen. Hasierako agurrak kantatu ondoren, lehen atalean zortziko handian eta zortziko txikian aritu ziren bertsolari guztiak, binaka. Horietatik, sei sailkatu ziren bigarren zatira: Haira Aizpurua, Kattin Madariaga, Nahia Etcheverry, Unax Aizpurua, June Aiestaran, Joanes Azpillaga. Puntu bati erantzun eta bakarka gaiari bertso bat kanatu behar izan zioten sei horiek.

Final bereziki berria zen aurtengoa, hamaika bertsolaritik zortzi baitziren lehen aldiz kantatu zutenak.

Urte hasieratik ekainera bitarteko bidea izaten da. Ia ehun bertsolari gaztek hartu dute parte lurraldeetako Eskolartekoetan. Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatzen dugu gazteen bat-bateko bertsolari txapelketa, eta aurten Arantzako Udalaren laguntza ere izan du egitasmoak.

Datorren astean Bertsoa.eus-en izango dira finaleko bertsoak eta txapeldunaren zein txapeldunordearen saio ondoreneko hitzak.

Albiste gehiago

Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-10-10

Hitzetik Hortzera: Txirrita eta lehen plaza

Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-10-03

Hitzetik Hortzera, bertsotik versora

Gipuzkoako Txapelketa - Eli Pagola Apezetxea 2024-09-24

«Oso gustura ari naiz bertsotan eta lortzen dut egindako lana plazara ekartzea»

Larunbat honetan hasiko da denboraldi berria 2024-09-12

Hitzetik Hortzera: Bertsoz-bertso hariz hari