2024ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa 2024-06-27

Dena prest txapelketari ekiteko

Asier Azpiroz, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakaria
Irailaren 14ean hasiko da Urretxun eta abenduaren 14ean amaituko da Donostian. Guztira 16 saio izango dira eta dagoeneko sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.

2024ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa aurkeztu da gaur goizean Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan, Donostian. Bertan izan dira Asier Azpiroz Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakaria eta Goizane Alvarez Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako diputatua. Alvarez diputatuaren esanetan; "Gure hizkuntza zein kulturaren transmisiorako oso ekitaldi garrantzitsua da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa".

Azpiroz-ek nabarmendu du Gipuzkoako Bertsozale Elkartearentzat lan handia dela txapelketa antolatzea baina jakitun direla bost urtean txapelketan aritzeko aukerarik izan ez duten bertsolari asko dagoela, bereziki generazio gazteak. "Ikusten genuen txapelketa indartsu bat egin behar genuela aurten eta horregatik egin dugu sailkapen fasea bi itzulitara, besteak beste. Plazan gutxi gehiago dabilen generazio gazte hori txapelketa moduko erakuslehio handi baten parte hartzeko irrikaz dago eta bertsozalea ere txapelketa egarriz dagoela esango nuke" aipatu du Azpiroz-ek.

48 bertsolari kantuan 16 saioetan irailetik abendura

Irailaren 14ean hasiko den 2024ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan 48 bertsolarik kantatuko dute 16 saioetan banatuta. 48 bertsolari hauetatik 34 bertsolarik udaberrian jokatu den Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasean lortu dute txapelketan kantatzeko txartela. Beste 14 bertsolariak 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan lortu zuten aurtengorako sailkatzea. Horiez gain, 16 gai-jartzaile eta 15 epaile eta laguntzaile ugari izango dira txapelketan lanean.

Esan bezala, 16 saioak osatuko dute txapelketa eta hauek lau fasetan banatuko dira: zazpi final zortziren, bost final-laurden, hiru finalaurreko eta finala. Saioei buruzko informazio guztira ikusgai dago hemen, 2024ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako atari ofizialean.

50 urte lehen haurren bertso-eskolak, inspirazio iturri

2024. urtea berezia ari da izaten Gipuzkoako Bertsozale Elkartearentzat txapelketa urtea delako baina are bereziagoa egiten du lehen haurren bertso-eskola sortu zela 50 urte betetzen direlako. Asier Azpiroz, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakariaren azpimarratu nahi izan du gerora etorri ziren bertso eskola askoren motorra izan zela orduko bertso eskola. "Omenalditxo bat egin nahi diegu batez ere intuizio hori eta militantziarako griña izan zutenei hein baten beraiei esker gaudelako gaur egun gauden lekuan. Haiek hasitako bideak bizirik jarraitzen du, bertso eskolek bizirik jarraitzen dute eta azken finean bertsolari gehienak sortzen diren leku eta guneak bertso eskola antolatuak dira".

Urteurrena izango da 2024ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako irudia. Unai Gaztelumendi bertsolari eta marrazkilariak ondu du txapelketako iruditeria. Irudia, Leintz Bailarako lehen bertso eskolaren eta beste zenbait bertsolari gazteren argazki ezagun batean oinarriturik dago, Uztapide bertsolaria erdian dutela.

 Bazkide eta gazteentzat prezio bereziak

2024ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako 16 saioetako sarrerak dagoeneko salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian. Azpiroz-ek aipatu duen bezala, Bertsozale Elkarteko bazkideek eta gazteek prezio berezia izango dute sarreretan.

Albiste gehiago

Jone Uria Albizuri - Señora Sariketako Pameladuna 2024-06-14

«Goazen saiatzera irudikatzen nolakoa nahiko genukeen izatea lehia»

Jon Agirresarobe Lopetegi 'Torrotxo' - Bertsolari Bertsozale podkasta 2024-05-17

«Lagunartean bildu eta bertsotan egitea izan da bertsolaritzak eman didan gauzarik ederrena»

Anonyme Popularren agurreko kontzertuak maiatzean eta ekainean 2024-04-18

Anonyme Popular: 'Azken agurrak' bira Gasteiz, Baiona eta Bilbon