Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-10-09

Amoroto eta Irurako bertso jaialdiak Hitzetik Hortzeran

Aritz Ganboa artzain bertsozalea izango da gonbidatua. Xalbadorren Ene errekontrua sorta kantatuko dute.

Amoroto eta Irurako bertsoak izango dira aste honetan Hitzetik Hortzeran. Amoroton sei bertsolari aritu ziren bertsotan Maribi Ugartebururen esanetara: Aitor Bizkarra, Alaia Martin, Garazi Navarro, Maialen Lujanbio, Onintza Enbeita eta Unai Iturriaga. Irurako festetako jaialdian, Aitor Mendiluze, Alaia Martine, Jexux Mari Irazu eta Maialen Lujanbio, Amaia Agirrek gaiak jarrita.



Xalbadorren sorta bat kantatuko dute sorten atalean
Bertso jarrien atalean, Fernando Aire Xalbador bertsolariaren Ene errekontrua sorta abestuko dute Ainhoa Sarasuak eta Eñaut Agirrek, Manex Pagola musikariak lagundurik. Ene errekontrua sortan, ehizan, usotan, izandako errentrua edo istripua azaltzen du Xalbadorrek. Eskopeta bizkarrean hartuta zihoala, ustekabean tiroak ihes egin eta zango muturrean jo zuen. Bi hatz moztu zizkioten. Horrela konturatu omen zen Xalbador zer egiten dieten ehiztariek usoei.



Aritz Ganboa artzain bertsozalea
Umetatik bertsozalea da Aritz Ganboa artzain ezaguna. Gaztetxotan Iruñeko bertso eskolan ibili zen eta oroitzapen politekin lotzen du garai hori. Gaur egun, lanak uzten dion heinean, ahal duen bertso saio gehienetara joaten da. Gustuko dituen bertso saioei eta bertsolariei buruz ariko da solasean Mirari Martiarenarekin batera.



ETB1eko Biba zuek saioan egin zen ezagun Ganboa: arratsaldero artzaintzari eta landa eremuari loturiko tartea egiten du saio horretan. Programan kolaboratzen nola hasi zen eta tarte horrekin Euskal Herriko etxeetara eraman nahi izaten duena zer den ere azalduko du Aritz Ganboak Hitzetik Hortzeran.

Hitzetik Hortzera: larunbatean, 21:00etan, ETB1en.

Albiste gehiago

Nafarroako Bertsolari Txapelketa - Finala 2025-11-21

Aniztasunaren argazkia oholtzan

Jexux Mari Irazu

Aitor Bizkarra Ruiz - Bizkaiko Bertsolari txapelketa 2025-10-28

«Gustura nago beharra egin izanagatik eta aldartea mantendu izanaren poza badaukat»

Nafarroako Txapelketa - Xabat Illarregi Marzol 2025-10-21

«Egin nahi nuenetik nahiko gertu sentitu nuen nire burua Iruritan»

Jexux Mari irazu