i. zortziko txiki txapelketa 2024-07-03

Zortziko txikia altarera Amallon

Zortziko txikia altarera Amallon
Zortziko txikiarekin gozatu eta esperimentatzeko bide berri bat zabaldu dute Amallon, Zortziko Txiki Txapelketarekin. Beren burua «oso bertsozaletzat» eta «oso zortziko txikizaletzat» duen Talde baten eskutik etorri da ideia eta aurrera jarraitzeko asmoz dira. Talde horretako kide den Joseba Sololuzek azaldu dio Bertsoa.eusi ideiaren nondik norakoa.

Zortziko txikia bertso neurri gisa bere bide propioa egiten ari dela dirudi eta Amallon altarera igo dute literalki. Ermita bete jende bildu zen I. Zortziko Txiki Txapelketan. Lurreko oholtza bihurtutako altaretik kantatu zuten bertsolariek eta ekimenak bete-beteko erantzuna jaso du publikoaren zein bertsolarien aldetik. Onintza Enbeita, Unai Iturriaga, Josune Aramendi eta Nerea Ibarzabal aritu ziren kantuan Joseba Sololuzek aurkeztuta. Ariketa bakoitzeko bertso kopurua librea izaki, bertsoka ez, bertsoaldika epaitu zuten eta Nerea Ibarzabal izendatu zuten I. Zortziko Txiki txapelketako txapeldun.


Zortziko txikiarekiko lilura berezia sentitzen du Amalloko bertsozale talde batek eta hortik etorri da ekimena: «Oso bertsozaleak eta zortziko txikizaleak gara. Txikian asko esatea oso zaila da». Joseba Sololuzeren hitzak dira. Zortziko txikizale talde horietako bat da Solozule eta buru belarri ibili da antolakuntza lanetan. Bertsoa.eusi kontatu dizkio ideiaren jatorria eta helburuak.

San Joan bueltan Goixaldeko Txapelketa berezia egiten zen lehen Amallon, formatu informalean eta urteetan arrakasta handia izan zuena. Gero, pixkana itzali eta ideia berri bila hasi ziren. Kopla Txapelketa ere probatu zuten Zarauzko ideiari tiraka, baina zerbait berezi bila jarraitu zuten. Zortziko txikiaren inguruko zerbait berezia egitea zerabilten jada buruan 2020an baina pandemia giroak gelditu zuen kontua. Eten ez, ordea. 2024an gauzatu da lehen edizioa eta jarraitzeko bokazioz sortu da.

Jaialdi kutsua eta bertso kopurua libre
Zortziko Txiki txapelketari forma nola eman izan da antolatzaileen kezka nagusia: zortziko txikiak erregistro aldetik duen aniztasun zabalari forma nola eman, gai aldetik, tonu aldetik, ariketa aldetik, ofizioak, bakarkakoak... Plazako jaialdi kutsua eman zioten saioari bai gai aldetik eta bertso kopuru aldetik ere. Txapelketa ikutua izan arren, ariketa bakoitzean, adibidez, bertso kopurua libre utzi zuten bertsolarien esku. Emaitzarekin oso pozik gelditu dira antolatzaileak eta formatuarekin azertatu egin zutela uste du Josoba Sololuzek. Tokia ere zortziko txikikoa: Amallako Ermita. Bildua eta betean ederra, otordu eta kultur ekitaldietarako ere egokitua.

Publikoa harritu egin zen 861 doinu zeudela esanda
I. Zortziko Txiki txapelketa antolatzeko zenbait dokumentazio lan ere hartu dute antolatzaileek. Xenpelar Dokumentazio Zentrotik jakin dute zortziko txikiko 861 doinu daudela eta datu hori eman ziote publikoari. Jendea harrituta gelditu zen, Joseba Soluluzeren hitzetan. Horrez gain, doinutegi proposamen bat ere landuta eraman zuten saioak izan zituen eta 13 ariketetan ez zuten doinurik errepikatu bertsolariek. Bertsozaleek ohi ez bezalako zortziko txiki doinu abakinoaz ere gozatu ahal izan zuten beraz Amallon.

Zortziko txikiak txaloen gestio propioa
Zortziko txikiak txaloen kudeaketa propioa ere badu, erritmoari eta bertsoen arteko sekuentziari lotua. Ez du beti bertsoz bertsoko txaloaldirik. Hori sentsazio aldetik ere berezia da, bai entzulearentzat, bai bertsolariarentzat, bertsolari eta publikoaren arteko komunikazio hori ez hain ohiko kode batean gauzatzen delako. Zentzu horretan aurreneko bi-hiru ariketetan bertsolariak eta bertsozaleak elkarri neurria hartzen aritu ziren, Solozabalen hitzetan: «publikoak puntutako ariketaren logikatik ulertu zituen ariketak, txaloak bukaeran jotzen zituen baina aurpegietako komunikazio hori ariketa osoan zehar mantenduz» adierazi du Sololuzek. Bi-hiru ariketa horietan kodea konpartituta, saioa lehertu zen eta hortik aurrera bete-betekoa atera da, eta oso giroari lotua.


Urtero jarraitzeko asmoz
Zerbait berezia eta berria egin nahi zuten Amallon eta lortu dute. Zarautzen Kopla Txapelketa edo Zaldibian Zapi Janztea bezala, ukitu berezi bat izango zuen zerbait egin nahi zuten eta zortziko txikiarekiko lilurak txinpartak eta brasa utzi ditu Amallon San Joan giroan. Datorren urtean ere antolatzeko asmoz dira eta helburua da urtero aurreko edizioko txapelduna saioan izatea.

Zortziko txikiari oholtza propioa jarri dion Markina-Xemeingo kaxko eder hark neurri berezia ere hartu du bertsolaritzaren plazan azken boladan: 2023 Bizkaiko Txapelketako Txapelketako finalean kantatu zuten bertsolari askoren entramendu gune izan zen Amalloko Elkartea, txapeldunarena barne.

 

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri