Bertsozale Elkartearekin lankidetzan 2024-07-04

Abian da bertsogintzari buruzko gogoeta EHUko Udako Ikastaroetan

Abian da bertsogintzari buruzko gogoeta EHUko Udako Ikastaroetan
Gaur eta bihar izango dira ikastaroak eta 45 lagun matrikulatu dira.

Bertsogintzari buruzko gogoeta abian da EHUn Udako Ikastaroen baitan, Bertsozale Elkartearekin lankidetzan. 45 lagunek eman dute izena. Nondik eta zeri ari gatzaizkio bertsotan? Horixe da gai nagusia. Bat-bateko bertsogintza garaikidearen sorkuntza mailako kezkei buruz hausnartzeko eta gogoetak partekatzeko gune izango da. Halaber, botere harremanak bertsolaritzan eta gai libreko bertsogintzaren gakoak azalduko dira. Eta azkenik, edukizko lanketari buruzko hainbat argibide plazaratuko dira bertan.



Hitzaldiak eta mahai-ingurua
Hainbat hitzaldi eta mahai-inguru bat eskainiko dira egun bietan. Saioa Alkaiza izango da lehenengo eguneko aurreneko hizlaria, Diskurtso guztiak errespetagarriak dira? hitzaldiarekin. Segidan gaiak kantatzerakoan dugun zilegitasunari buruz ariko da Maider Arregi, eta botere harremanei buruz jarraituko du Onintza Enbeitak. Oihana Arana izango da eguneko azken hizlaria, eta bertsolaritza ideologikoki lerraturik ote dagoen hausnarketa ekarriko du mahai gainera. Eguna biribiltzeko, lau hizlariek mahai-ingurua osatuko dute, egungo bertsogintzako diskurtso, zilegitasun eta itzalei buruz.

Bigarren egunean beste hainbeste hizlari izango ditugu. Jexux Mari Irazu izango da lehenengoa eta libreko bertsogintzari buruz ariko da. Alaia Martin eta Imanol Artola izango dira hurrengoak, eta gai-jartzaile autoreari buruzko iritzia plazaratuko dute. Aitor Bizkarrak eta Oihana Iguaranek hitzaldi bana eskainiko dute egoera sozio-ekonomikoari kantatzen ote zaion hausnartuz. Azkenik, Oihane Pereak eta Beñat Gaztelumendik Formatik haragoko lanketa bertso eskoletan; gaien eta ideologiaren lanketa hitzaldiak onduko dituzte, bakoitzak bere talaiatik.
.

Egitaraua

Uztailak 4 osteguna

10:30: Gai bati buruz kantatzeko zilegitasuna
     Maider Arregi Markuleta | Bertsolaria eta DBHko irakaslea

10:30 - 11:00: Botere harremanak. Bertsolariaren itzalaren eta generoaren eragina bertsoaren balioespenean
    Onintza Enbeita Maguregi | Bertsozale Elkartea - Bertsolaria eta kazetaria

11:00 - 11:30: Atsedena

11:30 - 12:15 Bertsolaritza ideologikoki lerraturik dago?
    Oihana Arana Cardenal | Bertsolaria eta idazlea

12:15 - 13:30 Mahai ingurua: Egungo bertsogintzako diskurtsoak, zilegitasuna eta itzalak
    Karlos Aizpurua Etxarte | Bertsozale Elkartea - Ikerkuntza eragilea (Moderatzailea)
    Saioa Alkaiza Guallar | Nafarroako Bertsozale Elkartea - Bertsolaria eta bertsolaritza irakaslea
    Maider Arregi Markuleta | Bertsolaria eta DBHko irakaslea
    Oihana Arana Cardenal | Bertsolaria eta idazlea
    Onintza Enbeita Maguregi | Bertsozale Elkartea - Bertsolaria eta kazetaria

 Uztailak 5 osteguna

09:00 - 09:50: Libreko bertsogintza. Kokapena, aukerak eta mugak.
    Jexux Mari Irazu Muñoa | Bertsolaria eta kazetaria

09:50 - 10:40 Gai-jartzaile autorea
    Alaia Martin | Bertsolaria eta kazetaria
    Imanol Artola Arretxe | Gai-jartzailea eta kazetaria

10:40 - 11:15: Egoera sozio-ekonomikoari kantatzen al zaio? I
    Aitor Bizkarra Ruiz | Bertsolaria eta irakaslea

11:15 - 11:45 Atsedena

11:45 - 12:20 Egoera sozio-ekonomikoari kantatzen al zaio? II
    Oihana Iguaran Barandiaran | Bertsolaria eta bertsolaritzan doktoregaia

12:20 - 12:55 Formatik haragoko lanketa bertso eskoletan; gaien eta ideologiaren lanketa I
    Oihane Perea Perez de Mendiola | Bertsolaria eta bertsolaritza irakaslea

12:55 - 13:30 Formatik haragoko lanketa bertso eskoletan; gaien eta ideologiaren lanketa II
    Beñat Gaztelumendi Arandia | Bertsolaria

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri