Gipuzkoako Bertsozale Elkartea - Lehen faseko balorazioa 2024-10-08
Gipuzkoako Bertsozale Elkartearentzat asko pozteko motiboa izan da publikoak Txapelketari halako harrera egin izana lehenengo fasean. Bertsoak fasearen balorazioa eskatu dio.
Asteburuan Azpeitian amaitu zen Gipuzkoako Txapelketako lehen kanporaketa fasea. Publiko aldetik harrera beroa izan du txapelketak eta bost urteren buruan areto guztiak bete dira. Zer balorazio egite duzue antolakuntzatik?
Oso positiboa da lehen fase honen balorazioa. Publikoak eman duen erantzuna zoragarria izan da eta horrek asko poztu gaitu. Udaberriko faseak eman zizkigun udazkenerako pista batzuk, orduan ere jende dezente hurbildu zelako saioetara, baina aurreikuspenak gainditu ditugu. Datozen faseetan zer gertatzen den ikusi zain gaude orain, finalean jende asko izatea espero baitugu.
Ariketa aldetik ere, fase honek ekarri ditu zenbait aldaketa, batez ere ganbarako lana saioaren erdian kokatzea eta bi gai desberdin izatea. Behar bada oraindik
kontraste gehiago beharko duzue hau baloratzeko baina zein da jaso duzuen erantzuna jendearen aldetik?
Kontrastea egin beharrean gaude oraindik, dudarik gabe. Bertsogintza taldeak ondo eta luzaz pentsatutako aldaketak izan dira, eta printzipioz, erantzun ona jaso dugula esan daiteke. Entzuleak eskertu egin duela iruditu zaigu, eta bertsolariak ere formatu berrira ohitu direla esango genuke. Baina hori beraiek esan beharko dute balorazioa egiterako garaian. Ikusiko dugu aldaketak geratzeko etorri diren ala ez.
Final-laurdenak datoz orain eta aurreko finalistak ere hor sartuko dira txapelketan. Nola dator fase berri hau? Aretoak ere handixeagoak izango dira?
Oso interesgarria dator final laurdenetako fasea. Jakina da bertsolariek Euskal Herriko txapelketarako txartela lortu nahiko dutela, eta bistakoa da jende asko dagoela bertsotan ederki ari dena. Antolakuntzaren partetik, aretoak handixeagoak izango dira batzuk, azken saiokoa (Tolosako Leidor), esate baterako. Hala ere, denak ez dira hain handiak eta sarrera eskuratu mahi duenari azken momentura arte ez itxaroteko aholkatzen diogu.
Oraindik urrun dago baina finaleko sarrerak ere ari dira saltzen. Nola doa salmenta hori?
Finala urrun dago, bai, baina aldi berean ez horrenbeste. Jendea gogoz somatzen dugu, eta oraindik nortzuk kantatuko duten ez badakigu ere salmenta oso ondo doa. Illunben jende asko sartzen da, eta entzule asko behar dira bete itxura hartzeko. Halaxe izango dela dirudi, ordea, jendetza bilduko den itxura du.
Orain arte txapelketara hurbildu ez den bertsozaleari zer esango zenioke fase honi begira?
Pasa denari begira, aski erakargarria izan dela eta entzuleak gogotik jarraitu duela. Eta datorrenari begira, berriz, are erakargarriagoa izateko itxura duela. Hurbiltzen den entzuleak askotariko ahotsak eta maila handiko saioak entzungo dituela iruditzen zaigu. Gonbidapena egina dago, pozik hartuko dugu bertsolazea Txapelketan.
Gipuzkoako Bertsolari txapelketa 2024 - finala 2024-12-02
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31