78 urterekin hil da 2008-03-03

Jesus Alberdi Egileor bertsolariari azken agurra gaur Bergaran

19:00etan da hileta, Bergarako Santa Maria parrokian

Noticias de Gipuzkoako Kronika

Horrela kantatu zion behin Jesus Alberdi, Egileor, bertsolari bergararrak (Elosu, 1931-2008) kaiolan zegoen txori bati: Orain bertsotan agurtu nahi det kaiolan dago(e)n txoria / Zeruen babese(a)n barren aldean eginik zaude kabia / Negu beltzean gainera dator elurra eta euria / Baina ez apura(t)u gainean dezu oraintxe udaberria.

Negua amaitu aurretik itzaldu da Egileorren ahotsa, atzo hil baitzen bertsolaria, 77 urte zituela, biho-tzeko baten eraginez. Hemezortzi urte zituenetik bertsotan aritua, hainbat eta hainbat plazatan kantatu zuen bere bizitza osoan zehar. 1985eko Bertso Egunean jaso zuen bertsozale eta euskaltzaleen omenaldi sentitua.

"Guk ez dugu izan ikasteko modurik", adierazi zuen urte hartan,Argia aldizkariak argitaratu zuen elkarrizketa batean. Bertso eskolarik ez zegoen garaietan eta diktaduraren urte ilunetan bertsolaritzaren sugarra bizirik mantentzen jakin zuen belaunaldi bateko kide izan da Egileor. Azkenaldian herriko plazetan maiz agertzen ez bazen ere, orain urtebete Donostian antolatu zen Bertso Egunean kantatu zuen.

Bergarako Elosu auzoko Garbizu baserrian jaio zen 1931ko errege egunean Jesus Alberdi, baina umea zela Osintxura joan zen bizitzera, familiarekin batera. Hemezortzi bat urte zituela ausartu zen lehen aldiz publikoaren aurrean kantatzera; Elosun izan zen hori, Bixko zenarekin. Hurrengo irteera, berriz, Azkoitira egin zuen, Txapel zenarekin eta Joxe Lizasorekin batera.

Handik aurrera bertsolari asko izan zituen herriz herriko saioetan bidelagun: Gorrotxategi, Agirre, Zepai, Lasarte, Garmendia, Uztapide... "Bat esan behar bada, Lasarterekin geratuko nintzake. Nik ez dakit zergatik baina harekin ibiltzen naiz errazena", aitortu zuen behinola.

Bere ibilbidea ezagutzen dutenek "kantaera deigarri eta bereziaren jabea" zela azpimarratzen dute. Txapelketen "estuasuna eta nerbioak" gogoko ez bazituen ere, Joxe Joakin Mitxelenak 1962an irabazi zuen Gipuzkoako bertsolari txapelketako finalista izan zen, eta 1964ko Gipuzkoako Txapelketan eta 1980ko Txapelketa Nagusian ere parte hartu zuen. Ohitura zaharren eta kontakizunen zalea, atzo hil zen Bergaran Jesus Alberdi, Egileor. Gaur arratsaldeko 19.00etan eskainiko diote hileta elizkizuna Bergarako Santa Marina parrokian.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri