Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Bizkaizko Bertsolari Gazteen BBK Sariketa dezenteko aldaketekin dator aurtengo edizioan: helduen mailan bikoteka jokatuko da eta saioak arratsaldez izango dira. Umeen mailan taldekakoa izaten jarraituko du baina talde osaketa ez da derrigor eskualdetasunari lotua egongo, urte askotan izan den bezala.
Beste aldaketa handi bat finaleren ingurukoa da. Bilbon egin izan da beti eta BBK Salan azken urte luzeetan. Aurten Durangoko Azokaren testuingurura hurbildu dute eta Zornotzako auditorioan izango da, publikoaren erantzuna indartzen aldera.
Aste honetan izan da aurkezpena Bilbon eta bertan izan dira Idoia Anzorandia Bizkaiko Bertsozale Elkarteko eragilea, Koldo Bilbao BBKko Kultura arloko arduraduna eta Juanjo Respaldiza Bizkaiko Ikastolen Elkarteko koordinatzailea, eta, horiekin batera, Aissa Intxausti bertsolaria ere egon da, bere esperientziaren berri ematen.
Taldeak eta bikoteak
Taldeen osaketari dagokionez, adina kontuan hartuta, bi mailatan jokatu da:
Gaztetxoak (A): 18 urtera arte. Orain arte moduan, hirukoteak osatuko dituzte. 6 taldek hartuko dute parte.
Xarmengarriak gira: June Legarreta (Meñaka), Emile Zabala (Mungia), Enara Gallastegi (Dima)
Puntuak eta komak: Amaiur Betanzos (Bilbo), Ekhi Zuluaga (Igorre), Iradi Barrenetxea (Artea)
AP8ko txikia: Iraia Lauzirika, Garazi Ibarretxe (Zornotza), Kelmene Abaitua (Berriz)
Arrakalak loratu: Garazi Uriarte (Berriz), Malen Bilbao (Arantzazu), Aiala Irurtia (Arantzazu)
Anitzak: Adur Lopez de Garcia (Sodupe), Aimar Marcos (Zalla), Nahia Ruiz de Arbulo (Zalla)
Sagutxo Kaskarinak 2.0: Amaia Gallastegi (Zornotza), Naroa Iturrioz (Zornotza), Maddi Aurtenetxe (Zornotza)
Nagusiak (B): 25 urtera arte. Kasu honetan aldaketa egongo da, ordea, eta bikoteka hartuko dute sariketan parte. 6 bikote izango ditugu.
Ai Zapotxin!: Bittor Altube (Abadiño) eta Joseba Ortuzar (Larrabetzu)
LGBTaket: Ainhoa Gorostiaga (Gamiz-Fika) eta Izaro Bilbao (Mungia)
Malla 2: Araitz Katarain (Mallabia) eta Irune Basagoiti (Ermua)
Okerbidea: Iruri Altzerreka (Garai) eta Peru Irastortza (Getxo)
Rara avis: Haizea Telleria (Bilbao) eta Maite Sarasola (Bilbo)
Team Rocket: Ixone Asategi (Durango) eta Janire Arrizabalaga (Gernika-Lumo)
Kanporaketak, finalaurrekoak eta finala
Bertsolari Gazteen Sariketa moldatuak hiru kanporaketa, bi finalaurreko eta finala izango ditu. Saio bakoitzean puntu gehien batzen dituen multzo bakoitzeko bikoteak egingo du aurrera.
Lehenengo faseko saioak goizez izango dira, eta lehen hezkuntzan bertsolaritza lantzen ari diren ikasleek izango dute saiook entzuteko aukera. Hau da, entzuleak ere badira sariketa honetako helburuak.
Finalaurrekoak eta finala, ordea, arratsaldez izango dira, eta antolatzaileek bereziki saio hauetara joateko deia egin dute. Idoia Anzorandia «euskaltegietako ikasleak etortzera animatzen ditugu, eta hauekin batera, baita publiko zabala ere, saio bereziak izango direlako». Finala, gainera, Zornotzan izango da aurten, Durangoko Azokatik hurbil egotea izan baita helburuetako bat, eta beraz, saio ostean, Durangora joan eta euskal kulturarekin gozatzen jarraitzeko gonbidapena luzatu dute aurkezpenean.
Sarietan ere berrikuntza
Sarietan ere berrikuntza egongo da aurten. Gazteek jasotzen dituzten Elkar bonoen zenbatekoa hazi egin da, kulturan inbertitzeko aukera izan dezaten, eta, horrez gain, finalean ere hainbat sorpresa egongo dira. Bestalde, B mailakoek sari ekonomikoa ere izango dute eta bikote txapeldunak txapela. Kantakera onenaren saria ere egongo da.
Azken urteetan egindako moduan, denontzako saria ere egongo da. Antolatzaileek garrantzi berezia eman diete bertso-eskoletako gazteen saretzeari, eta beraz, aurten ere, parte hartzaileentzako bertso egonaldia egingo da abenduan bertan. Besteak beste, bertso-eskola eta egun osoko plana izango dituzte gazteek.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24