Gipuzkoako txapelketa - finalaurrekoak 2024-11-18
Gipuzkoako Txapelketako lehenengo finalaurrekoak kalkulagailuak ere jarri ditu martxan txapelketak bere-berea duen galderaren aurrean kokatzeko: non egongo ote da langa? Kasu honetan, langa hori finalekoa da, orain arteko langarik preziatuena. Aldagai askoren araberakoa izan ohi da langa eta beraz oso kontuz hartu beharrekoak dira estatistikak eta aurreikuspenak.
Besteak beste, saioko ariketa motak dira langa hori alda lezakeenak. Aurtengo txapelketaren kasuan, bertso kopurua ere aldagai berria da 2019koarekiko: orduan 15 bertso puntuagarri kantatu zituzten bertsolariak eta oraingoan 16 kantatuko dituzte, zortziko txikian launa bertso puntuagarri botako dituztelako. Puntukako ariketa ere launa bertsokoa izan arren, hiruna bezala puntuatuko da.
2019ko langa 467-472 puntu inguruan, aurtengo 500-505 bueltan
2019an 467-472 puntu bueltan egon zen Gipuzkoako finaleko langa. Lau bertsolari sartu ziren puntu-tarte horretan. Tartean, atzo Oiartzunen kantatu zuten Nerea Elustondo eta Ane Labaka. Puntuazio hori aurtengo finalaurrekoetako 16 bertsotara ekarrita, 500-505 puntu-bueltan jartzen gara. Ariketa aldetik, 2019kiko aldaketa nagusia da orduan hamarreko handian hasi zutela saioa eta aurten zortziko handian. Hortik aurrera, zortziko txikian, seiko motzean, puntutan eta ganbara. Beraz, ofizio eta bakarkako kopuru berbera, orain ganbara ofiziotan izan arren.
Oiartzungo puntuazioa 2019ko langarekiko
Beñat Gaztelumendik ez du izango langari begira egon beharrik finalean kantatzeko. Hortik atzera, Ane Labaka ere finalean izango da, estatistikek inoiz pasa gabeko itzulia eman ezean behintzat. Lasarte-Oriako bertsolariak 552,5 puntu eskuratu ditu. 2019ko eskalara ekarrita, orduko finalaurrekoetako puntuaziorik altuenak baino 11,5 puntu gehiago. 2019an Beñat Gaztelumendik atera zuen puntuaziorik altuena finalaurrekoetan, 15 bertsotan 506 puntu eskuratuta. Atzoko emaitzaren baitan, Ane Labakak, 15 bertsotan 517,5 puntu izango lituzke.
Nerea Elustondo 2019ko langaz gora, 20 puntuz
Nerea Elustondok 522,5 puntu eskuratu zituen atzo, beraz, 2019ko finaleko langaz nahiko gora dago. 2019an puntuazio horrekin 5. postuan sailkatuko zen finalera. Hamasei bertsotara 522,5 puntu 490 dira final-laurdenetako neurritara ekarrita. Final-laurdenetan bost bertsolari izan dira puntuazio hori gainditu dutenak: Alaia Martin (531,5), Oihana Iguaran, (517,5), Agin Laburu (503,5), Maider Arregi (494,5) eta Beñat Gaztelumendi (493). Alegia, aurreko finalistek eta Maider Arregik. Jakina, fasetik fasera gauzak aldatu egiten dira eta Oiartzungoa bera da horren adibide.
Azpiroz eta Etxeberria, langatik koxka bat behera
Asier Azpirozek 475,5 puntu eskuratu zituen atzoko finalaurrekoan eta Oier Etxeberriak 468,5. Biak ere balizko langatik koska bat behera gelditu ziren atzo. Azpiroz 9. gelditu zen 2019an, finaletik lau puntura. Eli Pagolak 449 puntu lortu zituen.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24