Gipuzkoako Txapelketa - Arrasaten azken finalaurrekoa 2024-11-26
1974an umeen bertso-eskolak sortu ziren bailaran argituko da 2024ko Gipuzkoako Txapelkeko finalisten argazki berria. Igandean da hitzordua Arrasaten, abenduaren 1ean, Uarkape pilotalekuan, 17:00etan hasita. Eta argazki zuzenean bizitzeko Arrasaten txapelketako saio batean inoiz bildu den jendetzarik handiena bilduko da.
Oihana Iguaran, Agin Laburu, Maider Arregi, Andoni Rekondo, Eñaut Martikorena eta Iñigo Mantzizidor Mantxi ariko dira bertsotan, Imanol Artolak gaiak jarrita. Arrasaten Gipuzkoako finaleko sei postu daude jokoan, Gaztelumendi eta Martinekin batera zortzikotea osatzeko. Igandean kantatuko duten sei bertsolariez gain, beste bostek dituzte aukera matematikoak: Ane Labakak (552 puntu), Nerea Elustondok (522,5 puntu), Eneritz Artetxek (519,5 puntu), Aner Euzkitzek (512puntu) eta Unai Mendizabalek (504,5 puntu).
Gaien hautaketa eta bide lanketa klabe nagusietako bat?
Finalaurrekoetan, bost ariketetatik hirutan bertsolarien esku dago gaiaren formulazioa (rola, egoera...) gai jakin batera bideratzeko ardura. Zortziko txikian, sei puntukoan eta puntukakoan bertsolariek lan erantsi bat egin behar dute ofizioarei eusteko, gaiaren kudeaketari lotua. Ideia hori da Beñat Gaztelumendik eta Alaia Martinek final ondoko elkarrizketetan transmititu dutena, bakoitzak bere hitz eta ñabardurekin. Baina biek, rolak eta egoerak gai jakin batera bideratzeko zeregin horretan lan asko egin behar izan zutela aitortu zuten saio ondorenean.
Finaleko langa 510-520 bueltan?
Aurtengo puntuazioen arabera finalerako langa 2019an baino garestiago egon daiteke. Aurtengo bertso kopuruarekin, 2019ko langa 500 puntu bueltan egon zen baina bi finalaurrekoetako puntuazioekin bataz besteko hori gorago ere egon daiteke.
Estatistiken arabera, txapelketa honetako azken saioak emankorrak izan dira sailkatze kopuru aldetik: final-zortzirenetan bost pasa ziren azken saiotik, Azpeititik, eta final-laurdenetan lau, Tolosatik.
Bi finalista berri ziur eta beste berritasun batzuk aukeran
Jakinekoa da Gipuzkoako finalisten argazkiak bi bertsolari berri izango dituela aurten Illunben. Jada kantatu duten aurreko bost finalistak finalerako postuetan daude eta Oihana Iguaranek igandean ariko da kantuan. Finalista berri izateko aukeretan Eneritz Artetxe azkoitiarra dago oraingoz ondoen kokatuta eta Aner Euzkitze gero. Artetxe txapelketa utzita egon zen Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko eragile izan zen boladan eta aurten ekin dio berriz bide horri. Bestalde, Aner Euzkitze da faseko bertsolari gazteena 22 urterekin eta lehenengo parte hartzea du Gipuzkoako Txapelketan.
Agin Laburu egungo txapeldunordeak Gipuzkoako Txapelketako bere laugarren finala izango luke sailkatu ezkero. Oihana Iguaranek bere hirugarrena. Andoni Rekondok, Iñigo Mantzizidorrek, Eñaut Martikorenak eta Maider Arregik beren lehenengo finalean sartzeko aukeran kantatuko dute Arrasaten.
Bailaraka hartuta, Maider Arregi finalean sartuko balitz, 30 urtean Debagoieneko lehenengo bertsolaria izango litzateke Gipuzkoako finalean. Aurretik Jon Sarasuak kantatu zuen 1991ean.
Belaunaldi-artekotasunari erreparatuta, aspaldiko partez gerta daiteke 25 urtez beheko bi bertsolari sartzea Gipuzkoako finalean. Aner Euzkitze zarauztarra eta Andoni Rekondo hernaniarra daude aukera horretan. Belaunaldi berriak egin zezakeen bidea zen Gipuzkoako Txapelketa honen interes puntuetako bat. Arrasaten argituko da bietakoren bat edo biak finalean sartuko diren.
25 urtez beheko bertsolari onenak bere saria ere izango du aurten Gipuzkoako Txapelketan. Euzkitze eta Rekondo daude buruz-burukoan. Gerta daiteke irabazlea Arrasaten bertan argitzea. Biak finalera sartuko balira, Illunben jokatuko dute bien arteko buruz-buruko partikularra.
Finalista gehienak emakumezko bertsolariak izateko aukera
Gipuzkoako Txapelketako finalaurrekoek beste aukera erreal bat ere zabaldu dute: lehenengoz, finalista gehienak emakumezko bertsolariak izatea. Estatistikoki 2019an ere posible izan zitekeen hori. Baina 2024an, bertsolariek txapelketa honetan zehar atera izan dituzten puntuazioek egiten dute hipotesi erreal aukera hori. Alaia Martin jada finalean da eta Ane Labaka ere bai, matematikoki ez bada ere. Nerea Elustondo eta Eneritz Artetxe aukera errealekin daude. Lau horiez gain, Oihana Iguaran eta Maider Arregi dira aukerak dituzten beste biak, Arrasateko saioan kantatuko dutenak. Beraz, aukera errealen barruan dago zortzi finalistetatik sei emakumezko bertsolariak izatea.
Gipuzkoako Bertsolari txapelketa 2024 - finala 2024-12-02
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31