Kantariak bertsogintza elikatzen 2024-12-04
Benito Lertxundi kantariaren agurra albiste izan da joan den astean. Euskal kantari eta musikari askok ekarpen handia egin dute bertso doinuetan. Bai doinu berriak sortzen eta baita kantutegiko doinu zaharrak berreskuratu eta zabaltzen ere. Eta horrek eragin zuzena du plazetan, eta zer esanik ez txapelketan. Habanera, Haizea dator iparraldetik, Norbere mundu intimo, Martxa baten lehen notak, XILABAra jina nauzu / Bi haur, Etxahun-en hil hobian, Izarren hautsa eta beste hainbat bertso doinu mitiko euskal kantarien lanari zor dizkie bertso munduak.
Luzea da ekarpen hori egin eta egiten jarraitzen duten kantarien zerrenda. Azken hamarkadetan plazan bertsotan entzun diren doinu askoren jatorria edo oiartzuna kantarien lanaren eskutik dator. Eta bertsolariek ere maiz jotzen dute iturri horretara bere doinutegia berritzera eta aberastera, plazarako zein txapelketarako.
Esaterako, zerrenda horren parte dira, besteak beste, Xabier Lete, Amaia Zubiria, Mikel Laboa, Imanol, Maddi Oihenart, Etxahun Iruriko... eta Benito Lertxundi bera ere hor sartzekoa da: Orioko balea, Dama gazte xarmat bat, Loriak udan ihintza bezala, Azken arnasa eman nahi nuke... horiek eta beste batzuk sorkuntzan edo zabalkundean parte hartzen zuzena izan du Orioko kantariak. Esaterako, azken 5-6 urteotan Andoni Egañak plazako bakarkakoetan gehien darabilen doinuetako bat da Benitok Jon Maiaren Itsaroari begira sortarentzat sortutako hamarreko handiko doinua.
Gipuzkoako Txapelketa honetara ere iritsi da Benitoren ekarpena, Urrundik heldu naiz kantuaren moldaketa ekarri baitu Oihana Iguranek bertsotara. Arrasateko finalaurrekoan hasierako agurrean plazaratu zuen doinua bertsolari amasarrak hain zuzen euskal kantugintzari aitotza eginez eta haien erreferentziak ekarriaz.
Gai honen inguruan Bertsoikaslega.eus-ek lanketa berezia egin du Benitok sortutako doinuak identifikatu eta adibideak ekarriaz. Hemen lotura.
Argazkia: Berria. Andoni Canellada / Foku
Lehenbiziko aldiz ospatu zen Eskukula bertso eskolak 2024-12-06
Gipuzkoako Bertsolari txapelketa 2024 - finala 2024-12-02
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14