Gipuzkoako finala - bertsolariek egin beharreko lanak 2024-12-05
Berria da txapelketako final batean: Gipuzkoako finaleko neurri librean hasiko dute bertsolariek. Abenduaren 14an, arratsaldeko 17:00etan agurrak entzun eta neurri libreko lau ofizio entzungo ditu bertsozaleak. Normalean zortziko handiari egokitu izan zaio ia gehienetan txapelketako finaleko saioak hastea, baina Gipuzkoako finalean zortziko handiko neurriak ez du berariaz tokirik izango zortzi bertsolarien lan puntuagarrietan. Buruz burukoan bai, lehenbiziko ariketa izango da.
Launa bertso neurri libreko ofizioan
Finaleko lehen fasean pisu gehieneko ariketa izango da hasierakoa: bertsolari bakoitzak launa bertso puntuarri botako ditu lehenengo ofizioan. Beraz ofizioa garatzea eskatzen du lanak, finalaurrekoetan zortziko txikiko launa bertsoko ofizioek erakutsi duten bezalaxe. Psikologikoki ere bere eragina izan dezake hasierako lan hori gainditzeko moduak, bete-bete asmatzeak edo norbere burua ofizioa borobiltzeko lanekin somatzeak
Ikusteko dago zein gai mota egokitzen diren eta bertsolarien hautua, den-dena ez baitago bertsolariaren esku ere. Entzulearen aldarteak ere bere tempoak izaten ditu txapelketan, bereziki gaiei heltzeko tonuari dagokionez. Hamarreko txikia, seiko motza edo Iparragirre izan daitezke aukeretako batzuk. Edo, nola ez, bete-beteko zortziko handi bat.
Ganbaran bi gai
Gipuzkoako finalean ganbaran ere izango da berritasunik aurtengoan. Final-zortzirenetan bezala, bi gai izango dira eta hurrenkeraren arabera gai bat edo bestea egokituko zaio bertsolari bakoitzari. Txapelketa Nagusiko finaletan ere egin izan da antzeko probarik.
16 bertso puntuagarri buruz burukora arte
Zortzi bertsolariek 16 bertso puntuagarri kantatuko dituzte buruz burukoaren aurretik, finalaurrekoetan bezalaxe. Neurri libreko hasiera eta bi gaiko ganbaraz gain, txapelketan ohikoak diren lanak izango dituzte. Fase honetan bertsolariak 500-560 puntu buelta horretan ibili daitezke, finalaurrekoetako errefererenzia haintzat hartuta. Hona hemen lanen hurrenkera:
Binaka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, launa bertso.
Binaka, gaia emanda, zortziko txikian, hiruna bertso.
Bakarka, lehen puntua emanda, zortziko txikian, hiruna bertso.
Binaka, gaia emanda, hamarreko txikian, hiruna bertso.
Ganbara, bi gairekin: bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.
Buruz burukoan 10 bertso puntuagarri, aurreko fasearen % 60
Buruz burukoan sailkapenean aldaketak eragiteko moduko lan bolumena izango dute bertsolariek. Alde-aldera, beste 330-380 puntuko joko zelaia izango dute buruz buruan sartzen diren bi bertsolariek.
Binaka, gaia emanda, zortziko handian, launa bertso.
Binaka, librean, puntutan, zortziko txikian, zortzi bertso osatu arte.
Ganbara: bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso.
Beraz, Gipuzkoako txapela 26 bertso puntuagarritara jokatuko da.
Lehenbiziko aldiz ospatu zen Eskukula bertso eskolak 2024-12-06
Gipuzkoako Bertsolari txapelketa 2024 - finala 2024-12-02
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14