Udane Mugerza Salegi - Bertsozale Elkarteko sustapen eragilea 2025-01-22

«Bertso Egunean izango da zer ikusi eta zer entzuna eta bertsozaleak gonbidatuta daude Lesakara»

Goizeko eta eguerdiko ekitaldiak irekiak dira. Arratsaldeko eta afaritako sarrerak agortuta daude.

Bertso Egun ibiltariko zortzigarren edizioa egingo da larunbatean Lesakan eta joan den astetik bukatuta daude jaialdirako zein afarirako sarrerak. Bertsozale Elkarteak Bortzirietako Bertso Eskolarekin elkarlanean antolatu du eta Udane Mugerza da Bertso Eguneko antolakuntza arduraduna. Bertsoa.eusek beregana jo du aurtengo Bertso Eguneko xehetasunen bila.

Larunbatean da Bertso Eguna Lesakan. Nola dator?
2017an lurraldetasun ikuspegiari jarraiki Bertso Egunaren helburuak zein moldeak birpentsatuta, Bertso-egun ibiltariei ekiteko erabakia hartu zen. Ordutik Donostiatik atera eta hainbat herritatik igaro da: Mungia (2018), Barañain (2019), Aramaio (2020), Getaria-Iruñea (2021), Izpura (2022), Azpeitia (2023) eta Gernika (2024). Pasa den urtean Gernikan ekin genion ziklo berriari eta aurten berriro ere Nafarroan ospatuko da.

Ohiko Bertso Eguneko helburuez gain (bertso komunitatea elkartzea, garaiko bertsogintzaren aldaketak islatzea eta esperimentatzea), aurtengoan Lesakan izatearen arrazoia besteak beste, bertsozalea den herriari aitortza egitea izan da. Ez da kasualitatea herrian bertan dagoen bertsozaletasuna, egindako lanaren ondorio baizik eta hori bera ere islatuko du larunbateko egitarauak.

Bortzirietako Bertso Eskolarekin batean egun osoko egitaraua antolatu duzue, goizeko Oinak Bidean  ibilalditik afarirainokoa…
Bertsozale Elkarteak eta Bortzirietako Bertso Eskolak elkarrekin antolatu arren, Lesakako Udala eta Arranoren laguntza ere ezinbestekoak izan dira egunaren antolakuntzan. Antolakuntzan bezalaxe, egitarauan zehar ere Lesakako bertso-komunitateko hainbat kidek parte hartuko dute nork bere erara, herrian modu ikusgarri bezain eskuragarrian presentzia izan nahi genuen.

Goizean Lesakako bertsolaritzaren ibilbidea ezagutzeko aukera izango da lehenik eta bertso poteoa  gero….
Goizeko 10:00etan jarri dugu hitzordua Harriondoa Kultur Etxean, eta handik abiatuta Lesakako bertsolaritza ardatz duen eta sortzaileek gidatuko duten bi ordu eta erdiko inguruko Oinak Bidean mendi ibilbideari ekingo diogu. Ondoren, 12:30ak aldera, Amaia Taberna eta Olaia Urdangarin trikitilariek lagunduta herrian zehar egingo den bertso-poteoa egongo da, Aramaio, Epifora eta Lilibertso eta bertso eskolako kideekin. Ane Zuazubiskar, Danel Herrarte, Iraide Onaindia, Manex Agirre, Eli Pagola, Maider Arregi, Oihana Arana, Uxue Alkorta, Aitor Etxebarriazarraga, Asier Galarza, Ibai Amillategi eta Iker Uriarte. Goizari amaiera emateko luntxa egongo da Arranon 14:30ak inguruan.

Arratsaldean XXI mende, 25 (H)illbetz jaialdia. Jaialdi tematikoa izango da? Aurreratu daitekeen pistarik?
Arratsaldeko 17:00etan hasiko da Harriondoan XXI mende, 25 (H)illbetz bertso saioa eta bertan izango dira: gai-jartzaile lanetan Alaitz Rekondo Ferrero eta bertsotan Alaia Martin Etxebeste, Amets Arzallus Antia, Julio Soto Ezkurdia, Maddi Ane Txoperena Iribarren, Nerea Ibarzabal Salegi eta Peru Abarrategi Sarrionandia.

Urtarrilaren 25ean ospatuko da Bertso Eguna, ilbeltzaren 25ean, Lesakan esaten den bezala. Nagusiki herri txikiek eta bertsolaritzak 2025ean duten papera hartu nahi izan da kontuan. Atzera eta aitzinera begiratzeko momentua dela pentsatu dugu eta hori izango da saioaren haria.

Eguna borobiltzeko afalondoan bertso jarrien txanda, Bortzirietako bertsolarien eskutik.
20:30ean afaria izango dugu Linddurrenborda sagardotegian eta momentu hori girotzeko Hor Guko kideen bertso jarriak izango ditugu Manex Pagola Apezetxea musikariarekin. Eguna biribiltzeko, Dj Infernu egongo da Arranon.

Bertso Egunak bertso mundua biltzeko izpiritu hori oso berea du: zer esango zenioke bertsozaleei Lesakara animatzeko?
Saiorako eta afarirako lekurik ez badago ere gerturatzeko herrira, goizeko egitarauan bertsoez gozatzeko aukera egongo dela eta egun osoan zehar herrian giro ederra egongo dela.

Albiste gehiago

Ekhiñe Zapiain Arlegi - Bortzirietako bertso eskolako kidea 2025-01-21

«Bertso Eguna Lesakan egitea aitortza moduko bat izan da guretzat»