Amets Arzallus 2009-11-14

"Nahiko nuke nire kezka-mundua eta kezka horiei erantzuteko modua bertsotan ateratzea"

"Nahiko nuke nire kezka-mundua eta kezka horiei erantzuteko modua bertsotan ateratzea"
Amets Arzallus aldarte lasaian iritsi da txapelketako lehen saiora, bihar Hendaian jokatuko den finalaurrera.Plazan gustura dabil eta nahi luke txapelketan ere plazako bidetik ez gehiegi urruntzea. Era berean: "Nahiko nuke nire kezka-mundua eta kezka horiei erantzuteko modua bertsotan ateratzea. Barrutik kantatzea nahiko nuke. Plazan zenbaitetan konturatzen naiz nire ahotik botatakoak ez direla beti nire barrutik ateratakoak izaten. Inertziak ere lana egiten du, eta nahi nuke txapelketa honetan nire ahotik eta nire barrutik kantatzea, eta hori egiteko adineko sosegua izatea."
Amets Arzallus aldarte lasaian iritsi da txapelketako lehen saiora, bihar Hendaian jokatuko den finalaurrera. “Egia esan nahiko lasai nago eta aldarte onez. Gero ez dakit zer aterako den, baina lasai nago” esan dio Bertsoa.com-i. Bolada onean harrapatu du txapelketak hendaiarra: “Plazan gustora nabil bertsotan. Egun guztiak ez dira berdinak izaten, eta aukera ere ez da beti bera izaten baina, baina gustora ari naiz, eta txapelketa ere nahiko nuke jardun horretatik ez oso urrunekoa izatea” Horixe da hain zuzen ere, Amets Arzallusek txapelketan utzi nahi lukeena: “Nahiko nuke nire kezka-mundua eta kezka horiei erantzuteko modua bertsotan ateratzea. Barrutik kantatzea nahiko nuke. Plazan zenbaitetan konturatzen naiz nire ahotik botatakoak ez direla nire barrutik ateratakoak. Inertziak ere lana egiten du, eta nahi nuke txapelketa honetan nire ahotik eta nire barrutik kantatzea, eta hori egiteko adineko sosegua izatea”. Tentsioa ere behar da, baina, sosegua ere bai”. Puntuetan baino, horretan jarri du bere helburua. Baina, txapelketan puntuek ere garrantzia dutela onartuta, orain lau urte podiumeko hirugarren koxkak adina puntu atera zituen bertsolariak pausuz pausu joan nahi du: "Lehenbizi finalerdietako langa pasa behar da gauza handiagotan pentsatzen hasi aurretik, eta bistan ez da ez dagoela batere erreza".
Kartzelakoan Arzallusek Haizea dator iparraldetik edo Oh Pello-Pelloren zazpi puntuko bertsioa erabiltzeko asmoa du. “Iparraldeko txapelketan neurri erregularretan egin nuen saiakera eta horri eutsi egin nahi diot. Puntu motzeko zazpi puntukoa ere gustatzen zait, eta gaiaren arabera aukeratuko dut bat ala bestea”
Hendaian, etxean kantatzeak zer suposatzen duen galdetuta, Arzllusek ustez txapelketak publiko propioa du, saioz saio dabilena, ez hainbeste herri bati lotua. Gainera, ostegunerako interneteko sarrera guztiak agortuta zeudenez, uste du oso litekeena dela txapelketa oso gertutik jarraitu ez duten hendaiarrak sarrerarik gabe gelditu izana: “jende batek ez zekien sarrerak interneten zeudenik ere”. Kontuak kontu, entzuleak bero txalotzeko motiboak ematea da Arzallusek kezka. “Orain lau urte Beltzenian entzuten egon nintzen, eta gogoratzen dut oso giro beroa eta ona egon zela”. Kantulagunei dagokionez, saio ona egiteko taldea dela esan du.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri