Zutabea 2025-02-07
Balkoitik begira jarri naiz, paraje berde hauetan herriko dolaetxean kantatuko ziren bertsoak imajinatzen, herriko xaharrak joan ahala desagertuko diren bertso sorta eta doinuak gogora ekarri nahian. Emeki-emeki lurruntzen joan zen Baztango Bertso Eskolaren oroitzapen arrastoak ere niregan dira.
Baztanen urtetan bertso eskola izan den arren, momentu honetan ez da irakasle baten bueltan biltzen den talderik. Ez dago umeen bertso eskolarik ezta helduen bertso eskolarik ere, eta hau kezkagarria da aunitzendako. Bertso Eskolaren hutsuneak eragina izanen du, espazio horretan sortzen baitira zaleak, bertsolariak, gai egileak; baita bertso saioak ere.
Hala ere, badira modu autogestionatuan elkartzen diren taldeak, ofizialki inon ageri ez direnak baino lagun arte goxoan bertsoak elkartu eta bertsotan astero edo ia astero aritzen direnak.
Astero modu naturalean elkartzen gara bi lagun han eta hemen, batak bertzea etxera gonbidatu eta zerbait hartzen dugun bitartean bertsotan aritzen gara mahaiaren bueltan. Gehienetan librean. Konpainia ona eta hitz jario luzea, edozeri buruz kantari aritzeko erraztasuna, ateratzen den gai bakoitza zukutzeko gogoa. Izaten dira ileak puntan jartzeko moduko bertsoak edo begiak betetzeraino hunkitzen gaituztenak, baita irriz lehertu eta elkarri ziria sartzekoak ere.
Batek doinu berriak ekarri eta bertzeak saioen aurreko egunetan laguna indartu. Guk sortu dugu eta gure espazioa da, bi laguneko bertso eskola.
Bailaran badugu bertze Bertso Eskola bat eta talde horren parte da Malen Altzuart. Bertso eskolatik plazara kantari atera zinen duela bi urte eta aurten Bardotan (Nafarroako Taldekako Txapelketa) parte hartu duzu lehenengoz. Konta iezaguzu zure esperientzia, zergatik dira garrantzitsuak horrelako ekimenak?
Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-03-20
Martxoak 8 - Emakumearen Nazioarteko Eguna 2025-03-05