Bertso eskolak antolatuta - XXIII. edizioa da aurtengoa 2025-02-26

Ostiralean hasiko da 23. Martxoan Bertsoa zikloa Urretxu-Zumarragan

Ostiralean hasiko da 23. Martxoan Bertsoa zikloa Urretxu-Zumarragan
Taldekako txapelketa, bertso ikastaro irekia eta bertso jarri emanaldia egingo dituzte.

Martxoan Bertsoa ekimenaren 23. edizioa ostiral honetan hasiko da, taldekako txapelketako lehen kanporaketarekin. Sei bertso ekitaldi izango ditu orotara: Taldekako txapelketaren lau saio (hiru kanporaketa eta finala), bertso ikastaro irekia errelebo berriak erakartzeko eta Gerraz bertso jarrien emanaldi musikatua.

Bederatzi talde
Taldekako txapelketak bederatzi talde izango ditu. Gehienak herrikoak baita kanpokoak ere. Ostiralean hasi eta martxoaren 29an izango da finala, Gaztetxean.

Otsailaren 28an, Urretxuko Soraluze tabernan, Miletoko Fideua (Jon Mendizabal, Jon Gurrutxaga eta Jorge Andueza Pitu), Ziripoto (Arkaitz Aizpuru, Mikel Iturriotz eta Gorka Santesteban) eta Antzuolako AET (Jon Mata, Aritz Kortabarria eta Alazne Jauregi) taldeek kantatuko dute.

Martxoaren 7an, Zumarragako Huts tabernan, Uxurbil (Antton Fernandez, Uxue Fernandez eta Aitor Agirre), Tupis Tupau (Manex Mantxola, Ander Kerejeta Atxun eta Jon Aztiria) eta Pinto Pintto (Amaia Iturriotz, Eli Zaldua, Ekaitz Samaniego, Paula Amilburu eta Xabi Antia) arituko dira.

Azkenik, martxoaren 14an, Zumarragako Urola tabernan, Bertso Olariak (Ane Beloki, Lierni Ugarte eta Jone Narbaiza), Meaka ala Trekutz? (Mattin Aranburu, Martin Sagastibeltza eta Ibai Zabalo Faran) eta Xelebrek (Uhaitz Oiartzabal, Sustrai Goenaga eta Amets Zubizarreta) lehiatuko dira. Saio bakoitzeko irabazlea finalera sailkatuko da. Kanporaketak 22:30ean izango dira eta finala 19:30ean.

Mikel Iturriotz eta Jon Mendizabal bertso eskolako kideek txapelketa hau antolatzen duten hainbat lagunen lana azpimarratu dute: «Hainbat lagunek parte hartzen dute asteroko lanetan: ekipoa muntatu, gaiak sortu, epaile lanak, gai jartzaile lanak, sare sozialak. Alde horretatik behintzat, Martxoan Bertsoaren osasuna ona da» adierazi dute Otamotz herri kazetari eskainitako elkarrizketan.


Bertso ikastaroa martxoaren 21ean
Bertso ikastaroa martxoaren 21ean da, 19:00etan Urretxuko kultur etxean eta Gerraz bertso jarrien emanaldi musikatua martxoaren 27ko Gerraz bertso jarrien emanaldi musikatua.

Bertso ikastaroaren helburua txapelketarako bertsolariak lortzea da, bultzatzaileen hitzetan. «Zikloak aurtengoa 23. urtea duen arren, azken urteetan belaunaldi berriek taldekako txapelketan parte hartzea asko kostatzen ari zaigu. Horrek antolatzaileok hausnarketa prozesu batean murgilarazi gaitu. Egia da badaudela gurekin beste modu batera lanean dabiltzanak (gai jartzaile, antolakuntza lanetan…), baina uste dugu belaunaldi gazteagoen parte hartzerik gabe taldekako txapelketak zentzua galduko lukeela».

Haurren bertso eskola martxan jarri zuten abenduan
Urretxu-Zumarragako bertso-eskolak umeen bertso eskola jarri zuen abian eta hori egonkortzea du helburu. Horrekin batera, Martxoan Bertsoa ziklora jende berria erakartzea eta belaunaldi berriak biltzea.

Albiste gehiago

Larunbatean 21:00etan ETB1en. 2025-02-20

Bertsoaroako eta sagardotegiko bertsoak Hitzetik Hortzeran

Miren Artetxe eta Bittor Thikoïpe 2025-02-18

Bertsoak Donapaleuko libertimenduan

Bertso jarri musikatuak 2025-02-17

«Nerabezaroari» Maider Arregiren sorta musikatua