Julio Soto 2009-11-19

"Presiorik ez dit ematen, ematekotan poza"

Datorren igandean kantatuko du Julio Sotok, Iruñeako saioan. Joan zen igandean Hendaian aritu ondoren finaleko postuetan dago une hauetan. Hala ere, sailkapenari ez dio begiratzen, bertsolari asko ikusten baititu puntu gutxiren barruan sartuta. Eztarritik juxtu antzean bukatu zuen azkeneko saioa, eta, horregatik, ez du nahi adina denbora izan kopletan eta hamarreko handian entrenatzeko. Dena den, txapelketako erritmoarekin ariketa hauek ondo ateratzea espero du. Gustura dago Iruñean egokitu zaion taldearekin ere. Bere helburua bertsotan gozatzea omen da.
22 urterekin txapelketa ona egiten ari da Julio Soto gorritiarra. Joan zen igandean Hendaian hirugarren eginda, finaleko postuetan dago une honetan. Iruñean kantatuko du igandean, Anaitasuna pabilioian. Dena den, postu horrek ez omen dio presiorik ematen, "ematekotan poza. Bertsolari asko gaude oso puntu gutxiren barruan eta garbi ikusi da 20-15 puntu ez direla ezer. Iruditzen zait oraingo sailkapenak ez duela zerikusirik izango azkeneko sailkapenarekin. Horregatik ez daukat presiorik."

 Igandera begira "lasai" omen dago, baina badauka kezka txiki bat: "Egia esan Hendaian eztarria oso gaizki nuela bukatu nuen eta eztarriari kasu egiten aritu naiz aste honetan."

 Bere helburua puntuak ahaztu eta "bertsotan gozatzea" izango omen da. "Oholtzan eroso sentitu nahi dut, entzun eta erantzun egin nahi dut. Lehengoan Hendaian lortu nuen giro hori eskuratu nahi dut berriro."

 Finalaurrekoen bigarren itzulian bi ariketa berri izango dituzte bertsolariek. Saioa hasteko hamarreko handian aritu beharko dute binaka. Kopletan aritzea ere egokitu zaie ondoren. "Prestatzeko, egia esan, denborarik ez dut izan. Igandean jakin nuen pasa nintzela eta astelehenean egin nituen lehenengoz hamarreko handia eta koplak bertso-eskolan. Bihar berriz ere entrenatuko dugu. Gustura hartuko nuke beste aste bat, baina txapelketan nik uste denak puntuan gaudela. Agian kopletan gehiago kostako zaigu bereziagoa delako, baina hamarreko handiarekin ez zait iruditzen arazo handiegirik izango dugunik."

 Hala ere, berari hamarreko handiko lana gustatzen omen zaio. "Gauza asko esateko tartea dago, agian gehiegi. Erronka bat da ariketa horietan aritzea. Beldur handiagoa ematen dit kopletako ariketak erritmoa biziagoa delako."

 Gainerakoan, ez du aldaketa handirik egiterik espero. Kartzelakoan neurri berean aritzeko asmoa dauka (zortzi puntuko berdinean). Doinu bat baino gehiagoren artean zalantzan dabilen arren, ez dauka neurria aldatzeko asmorik.

 Iruñean honako bertsolari hauek izango ditu ondoan:

 Amets Arzallus
 Aitor Mendiluze
 Iñaki Zelaia
 Onintza Enbeita
 Unai Iturriaga

 Julio gustura dago egokitu zaion taldearekin: "Hiru figura handi daude. Zelaiarekin Bilbon kantatu nuen. Txapelketan ikusi da zenbat egiten duen bertsotan eta berarekin zein gustura egiten dugun. Onintzarekin ere oso eroso sentitu nintzen Hendaian. Talde oso ona iruditzen zait eta bibrazio onak ematen dizkidan jendea dago."

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri