Beren atzetik gelditu ziren, hurrenez hurren Aitor Mendiluze, Iñaki Zelaia, Julio Soto eta Onintza Enbeita. Anaitasuna pabilioia ez zen guztiz bete.
Atzo jokatu zen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko seigarren finalaurrekoa. Iruñeako Anaitasuna pabilioian izan zen kanporaketa. Honela gelditu zen sailkapena:
1.- Unai Iturriaga 692,25 puntu
2.- Amets Arzallus 685,75 puntu
3.- Aitor Mendiluze 669,75 puntu
4.- Iñaki Zelaia 639,25 puntu
5.- Julio Soto 628,5 puntu
6.- Onintza Enbeita 620,75 puntu
Alaitz Rekondo aritu zen aurkezle lanetan.
Epaileen puntuazioetan hasieratik nabarmendu zen Unai Iturriaga, hamarreko handiko saiotik alegia. Hala ere, gehien txalotu zen bertsoaldia Amets Arzallus eta Aitor Mendiluzek osatu zuten. Transexualak ziren biak, sexuz aldatzeko operazioa egitera joanak. Sinesgarritasun handiz osatu zuten elkarrizketa.
Zortziko txikian lehen hiru sailkatuek koska atera zieten gainerakoei. Amets Arzallus aritu zen sendoen Julio Sotorekin egin zuen ofizioan. Juliok irristadatxo bat izan zuen bertan eta aurrera egiteko aukerarik gabe utzi zuen horrek.
Hamarreko txikian Amets Arzallus eta Unai Iturriaga bikote baten paperean jarri zituen Alaitz Rekondok. 7 urteko alaba bat zuten, adoptatua. Ametsek esan egin nahi zion eta Unaik ez. Biek saio ona osatu zuten hemen.
Koplatan ere Unai Iturriaga nabarmendu zen, Julio Sotorekin batera. Mitin batean lehen lerroan kokatu zituen gai-jartzaileak, lo hartzeko zorian. Ironia handiz aritu ziren biak, UPNko biltzar batean zeudela esanez.
Honela zihoen kartzelako gaiak: "Etxeko leihotik begiratu eta kazetari mordo bat zure zain dagoela ikusi duzu". Julio Sotok kantatu zuen BECen sartzea lortu zuela. Iñaki Zelaia modelo baten larruan sartu zen eta ospetsu izan nahi zuela kantatu zuen. Amets Arzallusek loteria irabazi zuela esan zuen. Aitor Mendiluzek, berriz, modelo batekin dabilen futbolariaren larrutik kantatu zuen. Unai Iturriaga, berriz, atxilotzera doazenaren paperean sartu zen. Azkenik, Onintza Enbeitak esan zuen berak irabazi zuela Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa. Bera izango litzateke lehenengo emakumezkoa hori lortzen.
Atzoko saioaren ondoren, honela daude puntuazioak:
1.- Amets Arzallus 1389,75 puntu
2.- Aitor Mendiluze 1349,75 puntu
3.- Unai Iturriaga 1324,25 puntu
4.- Sustrai Colina 1301 puntu
5.- Miren Amuriza 1286,75 puntu
6.- Iñaki Zelaia 1282,75 puntu
7.- Julio Soto 1281 puntu
8.- Beñat Gaztelumendi 1278,75 puntu
9.- Igor Elortza 1270 puntu
10.- Onintza Enbeita 1251,75 puntu
11.- Jone Uria 1247,25 puntu
12.- Jon Martin 1225,5 puntu
13.- Maialen Lujanbio 708,5 puntu
14.- Jon Maia 679 puntu
15.- Aitor Sarriegi 651 puntu
16.- Uxue Alberdi 637,5 puntu
17.- Arkaitz Estiballes 630,5 puntu
18.- Iñaki Gurrutxaga 626 puntu