Unai Iturriaga - Berria 2009-11-25

«Baneukan neure buruari eta neure ingurukoei poz bat eman beharra»

"Bai pentsatzen nuen egin ahal nuela saio bat neu eta nire inguruan dagoen jendea gustura geratzekoa"
Beñat Zamalloa. Berria egunkarian argitaratua

Bere buruari Gasteizko finalaurrekoan sortutako «zorra» kentzeko «pilak» jarri zituen Unai Iturriagak (Durango, 1974), eta hainbatek ezinezkotzat eta miraritzat jotzen zutena lortu zuen igandean: azken finalaurrekoaren faltan, finalerako aukera handiarekin egotea. Dena dela, finala ez zen igandean buruan zuena.

Posible zela uste al zenuen finaleko eskaileratara eroan zaituzten puntuak biltzea?
Ez nengoen horri begira. Gura duenak sinetsiko du, eta gura ez duenak ez. Gasteizkoaren ondoren, nire buruarekin eta ingurukoekin zor itzela nuen gauza bat delako puntu asko ez biltzea eta beste bat, mamu bat izatea. Bai pentsatzen nuen egin ahal nuela saio bat neu eta nire inguruan dagoen jendea gustura geratzekoa.

Guztia eman behar horretan hitzaren kirol nazionalean inoiz baino kirolariago aritu zinen?
Baneukan neure buruari eta neure ingurukoei poz bat eman beharra. Ingurua sufritzen ikusi dut; azken batean, Igorrek [Elortza] eta biok partekatu dugu inguru hori ez dakit zenbat urtean, egia da poz asko eman izan dugula, baina aurten jendea benetan txarto ikusi dugu.

Zer falta izan zitzaizun Gasteizen Iruñean izan zenuenetik?
Jarrera. Taula gainean ezinbestekoa den gauza bat da bertsotarako eta edozertarako. Nik uste nuen baneukala, baina joan nintzen lasai, umorez... Baina taulara ezin da joan lagun artera zoazen moduan. Txapelketara haginka egiteko gogoz joan behar da.

Motibazio falta izan zenuen Gasteizen?
Ez dakit. Ondorioak ateratzeko txapelketa guztiz amaitu arte itxaron behar da, eta hotzean gauzak hobeto ikusten dira. Bai pentsatzen dut anbizio falta bat egon dela, dagoela eta horrek eragiten duela. Anbizioa positiboan diot: zure burua gainditzeko gogoa eduki behar duzu ondo egiteko. Hori dena edukita ere ez daukazu ziurtatuta; bada hori barik... Txapelketa honek nire bizitzako momentu honetan ez nau asko kezkatu, eta hori igarri egiten da.

Zuen belaunaldia finalean «ezinbestekoa» ez zela ere adierazi zenuen, baina oholtza gaineko jarreran eta erreakzioan, nabaritu zen oraindik hor jarraitu nahi duzula.
Ni ez nintzen joan finalerako txartelaren bila. Gezurra esango nizuke, oraindik seguru ez izan arren, pozten ez naizela esanez gero. 630 puntu eman izan balidate, seguruenik haserretu egingo nintzateke, baina atzo [herenegun] emandako puntuak nahikoak izan ez balira ere BECera pasatzeko, ez nuen hartuko horrelako ostikadarik. Nik uste nuena baino jende gehiagok zuen gogoa ni, eta ez ni bakarrik, han ikusteko. Bezperan Internetez entzun nuen Igorri jo zioten txalo zaparrada Gernikan. Niretzako hori pozgarria izan zen, eta jendeak izan zuen niganako jarrera ere bai. Ezinbestekoak ez izatea nioenean ni finalean izango ez banintz edo izango ez banaiz, txapelketan ez dela ezer aldatuko esan gura nuen.

Txapelketan ez litzateke belaunaldi aldaketa gertatu beharko?
Ez. Txapelketa bera den moduan ulertzen badugu, eman beharko litzatekeena da puntu gehien lortu dituzten zortziak finalean egotea eta finalean puntu gehien lortzen dituenak irabaztea. Ez dezagun ahatz txapelketa hori dela. Beste gauza bat da plazan zer ari den gertatzen, eta ni aspaldi esaten nabil jendeak errazegi esaten duela txapelketak plaza markatzen duela. Neurri batean bai, baina, beharbada, inoizko neurri txikienean. Nik neure esperientzia baino ez daukat. Bigarren geratu naizenetik gutxiago kantatu dut aurreko urteetan baino, ez askoz gutxiago, baina gehiago ez. Jakin gurako nuke txapelketa honen bueltan mugitzen dabiltzan saioko 1.500-1.800 pertsonen artean ehuneko zenbat diren Euskal Herriko saio askoren antolatzaileak. Jendea ez da puntuekin geratzen.

Zer izango da finala Igor Elortzaren moduko «maisu bat» barik?
Pena handi bat. Horrelakoetan agertzen da galdera: txapelketa absurdo bat da? Ez da? Baina era berean, tranpolin horri esker ere heldu gara heldu garen lekura. Ez da injustizia bat txapelketa hori delako. Matematika kontu bat da.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri