Finala honako bertsolari hauek jokatuko dute: Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Jon Maia, Aitor Mendiluze, Unai Iturriaga, Sustrai Colina, Aitor Sarriegi eta Andoni Egaña.
Atzo bukatu zen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoen bigarren itzulia. Donostiako Belodromoan izan zen azkeneko saioa. Aretoa bete egin zen saioa jarraitzeko. Honela gelditu da sailkapena:
1.- Maialen Lujanbio 703 puntu
2.- Jon Maia 661,5 puntu
3.- Aitor Sarriegi 651,75 puntu
4.- Uxue Alberdi 649,75 puntu
5.- Arkaitz Estiballes 627,5 puntu
6.- Iñaki Gurrutxaga 608 puntu
Saroi Jauregi aritu zen gai-jartzaile lanetan.
Hasieratik nabarmendu zen Maialen. Hamarreko handian Aitor Sarriegirekin aritu zen ofizioka. Autopistako ordainlekuko langileak ziren biak, eta 34 polizia-auto igaro ziren beren aurretik. Oso irudi politak eraiki zituen Maialenek, eta Aitor ederki aritu zen erantzuten.
Zortziko txikian ere Maialen Lujanbiok lortu zuen puntuaziorik altuena. Uxue Alberdirekin aritu zen ofizioka eta ironia handiz osatu zuten saioa biek ere. Jon Maia eta Aitor Sarriegi ere oso ondo aritu ziren nor bere ofizioan.
Hamarreko txikian lehenengo bi sailkatuen lana izan zen osoena. Jon prostituta eta Maialen bezeroa ziren. Maialenek ezkontzeko eskatu zion Joni, baldin eta lana uzten bazuen. Maialenen bigarren bertsoa izan zen txalotuena bertsoaldi honetan. Uxue Alberdik eta Iñaki Gurrutxagak ere ofizio polita osatu zuten. Uxue ama zen, gaztetan drogarekin arazoak izana. Iñakiren gelan haxixa aurkitu zuen. Biek sinesgarritasunez bete zituzten beraien paperak.
Lauko handiko saioan atera zuen alderik handiena Maialenek. Iñaki Gurrutxagarekin aritu zen kantuan. Egun bat lehenagotik joanak ziren Donostiara, finaleko sarrerak hartzeko, baina gabe geratu ziren. Maialenek bertso-munduko erreferentziak sartzen asmatu zuen, eta horrek jantzi zuen saioa.
Honela zioen kartzelako gaiak: "Abokatua zara. Esku artean izan duzun azkeneko kasuaren dokumentazioa gordetzen ari zara". Maialenek gazte baten abokatu izan zela esan zuen, eta kasua galdu arren, esperantza eman zuen. Antzeko bidea hartu zuen Aitorrek ere. Berak errekurtsoa jartzeko asmoa aipatu zuen. Uxuek ere bide bera hartu zuen. Jon Maiak ere gazte bat defendatu eta epaiketa galdu zuen, baina esperantzazko mezu batekin bukatu zuen. Gazte baten defentsa hartu zuen Iñakik bere gain, baina galdu egin zuen berak ere. Arkaitzek Jon Anzaren desagerpenaren kasua hartu zuen, baina kasua itxi egin zuten bera aurkitu aurretik. Maialenek jaso zituen puntu gehien ariketa honetan, eta bere bigarren bertsoa izango zen, beharbada, bertsoaldiko onena. Hala ere, Jon Maiaren lana ere txalotua izan zen benetan. Arkaitz Estiballes izan zen bide ezberdinena hartu zuen bertsolaria, eta txalo asko jaso zituen berak ere.
Honela gelditu da sailkapena finalaurrekoetan:
1.- Maialen Lujanbio 1411,5 puntu
2.- Amets Arzallus 1389,75 puntu
3.- Aitor Mendiluze 1349,75 puntu
4.- Jon Maia 1340,5 puntu
5.- Unai Iturriaga 1324,25 puntu
6.- Aitor Sarriegi 1302,75 puntu
7.- Sustrai Colina 1301 puntu
8.- Uxue Alberdi 1287,25 puntu
9.- Miren Amuriza 1286,75 puntu
10.- Iñaki Zelaia 1282,75 puntu
11.- Julio Soto 1281 puntu
12.- Beñat Gaztelumendi 1278,75 puntu
13.- Igor Elortza 1270 puntu
14.- Arkaitz Estiballes 1258 puntu
15.- Onintza Enbeita 1251,75 puntu
16.- Jone Uria 1247,25 puntu
17.- Iñaki Gurrutxaga 1234 puntu
18.- Jon Martin 1225,5 puntu
Honenbestez, zortzi bertsolari hauek izango dira BECen, abenduaren 13an, finalean: Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Aitor Mendiluze, Jon Maia, Unai Iturriaga, Aitor Sarriegi eta Sustrai Colina.
Atzoko protagonisten iritziak laster izango dira Bertsoa.com-en, eta baita bertsoak ere.
Argazkia Alberto Elosegirena da.