Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia 2009-12-03

Joxe Agirrek jantziko dio txapela txapeldunari

Atzo izan zen finalaren aurkezpena, BECen bertan. Andoni Egaña, Unai Iturriaga, Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Sustrai Colina, Jon Maia, Aitor Mendiluze eta Aitor Sarriegi izan ziren bertan. 14 500 lagun elkartuko dira BECen.
 Atzo aurkeztu zen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala, BECen. Han izan ziren bertan kantatuko dutenak:

 Andoni Egaña
 Maialen Lujanbio
 Amets Arzallus
 Unai Iturriaga
 Aitor Mendiluze
 Jon Maia
 Aitor Sarriegi
 Sustrai Colina

 Iñaki Muruak eman zituen finalaren inguruko xehetasunak, bideoan ikusten den moduan. Nagusiena zera da: aurten orain dela 4 urte baino 1.000 lagun gehiago izango direla bertan. Hala, 14.500 bertsozale elkartuko dira BECen, sarrera guztiak salduta baitaude. Bestalde, irabazleari txapela nork jantziko dio ere azaldu zuten: Joxe Agirrek izango du ardura hori. Bere garaiko bertsolari onenetakoa izateaz gain, belaunaldien arteko zubi lana egin izana hartu dute aintzat erabaki hori hartzeko. Gaztetatik txapelketan aritu bazen ere, ibilbide osoan nabarmendu da plazaz plaza. 80 urte bete ditu aurten, baina plazan kantari jarraitzen du oraindik.

 Iñaki Murua "gustura" agertu zen sarrera guztiak saldu izanagatik. Bestalde, BECen bertan 1 600 lagunentzako bazkaria emango dute, nahiz eta beste 200-300 lagunentzat ere izango den lekua. Goizeko saioa 11tan hasiko da, baina 9etarako zabalduko dira BECeko ateak. Antolatzaileek bertsozaleei eskatu diete garaiz agertzeko, sarrera bakarra baitago. Arratsaldeko saioa 16etan hasiko da, eta aurretik Zura taldeak "Bertsoka-Bertsoka" abestia zuzenean joko du.

 Finalera 3 000 lagun joango dira Elkarteak antolatutako autobusetan.

 Finalaren egunean bertan hainbat irudi, iritzi eta artikulu biltzen dituen aldizkari bat banatuko da. Hainbat hedabidek emango dute finala zuzenean. Gainera, erdal mundura iristeko, ETB2n ordubete inguruko saioa egingo dute finalaren ondoren.

 Iñaki Muruaren hitzen ondoren bertsolarien txanda iritsi zen. Datozen egunetan banaka azalduko dugu 8 finalistek ze asmo dauzkaten abenduaren 13rako. Dena den, bertsolaritzaren inguruko hausnarketa egin zuten Jon Maia eta Unai Iturriagak. Kazetari batek galdetu zien ea bertsolaritzak goia jo al zuen. Jon Maiak zera erantzun zion: "Ez dakit Europan edo munduan gertatuko den, XXI mendean, mendebaldeko gizarte batean jendeak lantokietan, arrandegietan, parkeetan eta tabernetan ahozko literaturari buruz hitz egitea; milaka eta milaka lagunek kalean hitz egitea errimei buruz, bertsoei buruz, metrikari buruz, poesiari buruz, elkarrizketari buruz, dialektika bati buruz. Iruditzen zait euskaldunoi buruz gauza on asko adierazten dituela horrek. Hori da bertsolaritzaren arrakasta nagusia: jendearen eskura dagoen kultur-adierazpen bat dela. Jendeak urteko edozein egunetan jolasten du bertsoarekin, tabernetan, bertso-eskoletan... Elkarteak Txapelketari esker lortzen duena da izugarrizko gizarteratzea".

 Unai Iturriaga ez zegoen erabat ados Jonekin: "Neurri handi batean bat nator Jonek esaten duenarekin. Dena den, uste dut gure arriskua dela ez dakit zenbat mila lagun, ez dakit zenbat mila euro eta horietan geratzea. Benetan gure goia jotzeko asko falta dela garbi dago. Ez daukat gogorik izar bat izateko, baina jakin nahi nuke gu zortziok orain hortik (Barakaldotik) paseatzen bagara zenbat jende geratuko den guri begira. Gure goia hor dago. Euskaraz aritzen ez diren komunikabideetan bihar (gaur) agertuko gara, baina urtarrilean non egongo gara? Erdal telebistetan ze toki edukiko dugu? Hor daude gure goiak eta analisi oso positibo bat egin daiteke, baina esan daiteke gehiago direla existitzen garenik ez dakitenak edo bertso izeneko zerbait badela bai baina zer den ez dakitenak. Gure goia hor dago. Niri ez dit ardura hurrengo urtean hemen 8 000 lagun badaude, baina hor daukagu egiteko bide bat".

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri