Aitor Sarriegi 2009-12-07

"Hau ez da urteen errekonozimendua, aurten tokatu da eta kito"

Finalisten artean bera da lehenengo aldiz arituko den bakarra. Oraindik ez du lortu duena sinetsi, baina finalean erregulartasuna baino nahiago du gogoratzeko moduko bertsoaldi batzuk uztea. Bere eguneroko jardunean aldaketaren bat ekarri omen dezake finalak. Dena den, ez du aldaketa handiegirik espero. Ez du baztertzen finalean gauza berriren batekin ahalegintzerik.
 Aitor Sarriegi da aurtengo Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finaleko berrikuntza bakarra. 32 urteko beasaindar honek laugarren Txapelketa Nagusia du aurtengoa. Aurreko hiruretan finalaurrekoetan gelditu zen, finalaren ateetan. Hala ere, ez zaio iruditzen aurtengoa urte horietako lanaren errekonozimendua denik. "Aurten tokatu da eta kito. Gerta zitekeen ez sartzea ere. Tokatu egin da, baina horrek ez du esan nahi gertu ibili eta beti egokituko zaidanik. Zorionez aukera izan dut honen gozoa dastatzeko, baina gogoratzen dut gure inguruko jendea, guk baino hobeto kantatu izan duena batzuetan, aukerarik izan ez duena sekula halako karamelo bat dastatzeko. Niri tokatu zait eta oso gustura nago, baina gerta zitekeen ateak parean itxi eta sekula ez iristea."

 Urteetan finalean sartzeko zorian ibili arren, oraindik ezin omen du sinetsi aurten lortu duenik. "Aste honetan telefono dei asko izan ditut, elkarrizketak egin dizkidate batean eta bestean... Ohitu gabeko lanetan aritu naiz. Zurrunbilo hau bukatu eta finalean pentsatzen hastean uste dut onartuko dudala finalista naizela. Dena den, benetan asimilatzeko finalaren ondoren hilabete batzuk pasako dira."

 Finalaren aurkezpen-prentsaurrekoan bere ezaugarri nagusia "erregulartasuna" izan dela dio. Uztaritzen aritu zen final-laurdenetan eta finalerdietan Hendaian eta Donostian kantatu zuen. "Nik uste dut finalean lasaiago egongo naizela, edo hala nahiko nuke behintzat. Prentsaurrekoan esan nuen erregular aritu nintzela, baina finalean ez da erraza izango egun osoan erregulartasun horri eustea. Gainera, finalean erregulartasun handi batek baino gehiago merezi du bertsoaldi on batek. Bertso txar batzuk bota behar badira bertsoaldi on baten truke, nahiago dut hala izatea. Dena den, gustatuko litzaidake egunean zehar erregular izatea ere."

 Euskal Herriko Txapelketa Nagusiak oihartzun handia izan ohi du hedabideetan. Horrek aldaketaren bat eragin omen dezake bere eguneroko bizitzan: "Finalak halako oihartzun bat izaten du. Baina ez da gehiegi begiratzen diodan alorra ere. Nik astea nire lanean pasatzen dut eta asteburutan, deitzen didatenean, gustura joaten naiz bertsotara. Izaten dira boladak saio gutxikoak eta gustura deiren bat jasoko zenukeenak. Baliteke aldaketaren bat izatea, baina ez dut uste nire bizitza gehiegi aldatuko duenik."

 Finalera begira, ez du baztertzen gauza berriren bat probatzea: "Ez dut pentsatu, baina buelta pare bat ematen aritu naiz. Dena den, ez daukat ezer garbi, eta esku artean ere ez daukat ezer."

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri