Aitor Mendiluze 2009-12-09

"Finalista guztiak gara desberdinak"

Hirugarren finala izango da andoaindarrarentzat. Aurreko finaletatik bertsolari guztiak aldatu direla iruditzen zaio, pausu bat aurrera eman dutelako. Jendeak gogoratzeko moduko zerbait utzi nahiko luke BECen. Aurreko emaitzak ez ditu presio moduan sentitzen, esperientzia lagungarri moduan baizik. "Bertsotan eginez gero" final polita osatzea espero du. Doinu berriren bat probatzen aritu omen da, baina finalean ez du berrikuntzarik egiterik espero.
 34 urteko andoaindarra da Aitor Mendiluze. 1997tik aritzen da Txapelketa Nagusian, eta finalista da 2001etik. Horrez gain, 1995ean eta 2007an Gipuzkoako txapeldun izana da. Aurtengoan hirugarren postua lortu du finalaurrekoetan. Aurreko emaitza horiengatik ez du presiorik nabaritzen, "ilusioa besterik ez. Ez dut uste aurreko emaitzek baldintzatzen nautenik alde horretatik. Alderantziz, abantaila bat bezala ikusten dut, egoten jakitea edo, asko esatea ez bada, egiten jakitea ekartzen dutelako. Esperientzia horrek lasaitasun erlatibotik aritzeko aukera ematen du."

 Final guztiak omen dira ezberdinak, eta aurtengoa ere bai: "Aurten komentatu da finalista bakarra aldatu dela, baina, berez, finalista guztiak aldatu gara. Momentu desberdina da, egoera desberdina da, eta nor bere bidean pausu bat aurrerago doa jada."

 Jende asko dabil aurtengo txapelketan, eta garbi dauka finalean zer utzi nahiko liekeen: "Nahiko nuke jende horrek "gaur Aitorrek egin du" esanez bukatzea. Ez dakit zein postutan geldituko naizen, eta egia esanda, ez dit askorik ardura. Baina nahiko nuke jendeak "Aitorrek hau edo hori egin du" esanez bukatzea. Behintzat gogoratzeko moduko zerbait uztea. Hortik aurrera ez daukat bestelako helbururik; iruditzen zait bertsotan eginez gero saio polita egin dezakedala."

 Azkenik, ez du finalean doinu berririk ateratzerik espero: "Ibili dut doinu berriren bat buruan, baina ez dut uste aterako dudanik. Ez daukat definituta zein doinutan kantatuko dudan, baina ez daukat aparteko apusturik egiteko asmorik."

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri