Maialen Lujanbio 2009-12-10

"Uste dut ibilbide baten eskaparate bat dela"

Laugarren finala izango du Maialen Lujanbiok ere. Ez omen du presio berezirik sentitzen. Egin nahi duen horretatik ahalik eta gertuen egotea da bere helburua. Gainera, azkeneko finaleko arantza ateratzea ere gustatuko litzaioke. Bere bertsokera propioa bilatzeko ibilbide bat osatu duela dio, eta txapelketa hori erakusteko eskaparate bat dela. Gainerako bertsolariak ere bilaketa horretan ikusten ditu. Doinuei dagokienez, ez dauka gauza berririk agertzeko asmorik.
 1997tik da finalista Maialen Lujanbio hernaniarra. 2001ean bigarren egin ondoren, 2005ean ez zuen nahi adina gozatzerik lortu. "Final guztiak dira desberdinak: bizi-momentua, zure ibilbideko momentua ezberdina da, esperientzia ezberdina da... Nire aurreko finala ez zen oso erreferentziala izan, ahazteko modukoa ia sentsazioei dagokienez, eta aurten arantza hori ateratzera joan nahi nuke. Gozatu eta bertso maila on bat eman nahi nuke."

 Berak lortu du puntuaziorik altuena finalaurrekoetan. Hala ere, horrek ez omen dio presiorik eragiten: "Egia esan horrela tokatu da. Saio ezberdinetan aritu gara eta bakoitzak bere eskala izaten du. Orain zerotik hasiko gara denok eta horregatik ez daukat presiorik."

 Txapelera begira kiniela askotan agertzen da Maialen Lujanbioren izena. Hala ere, ez da hori bere helburua: "Erraza da txapela aipatzea, baina nik faboritotzat beste batzuk ere badauzkat. Helburua nik egin nahi dudanetik gertu ibiltzea da. Txapela batek eramaten du, baina bertsoaldiak eta bertsoak geratzen dira gogoan. Bertsoaldi gogoangarri batzuk uztea sekulako helburua litzateke."

 Txapelketan zehar behin baino gehiagotan aipatu izan da ahots propio bat garatu duela Maialen Lujanbiok: "Ez du ahalegin berezirik egin txapelketa honi begira. Uste dut ibilbide baten eskaparate bat dela. Bide luze bateko puntu batean, lau urtetik behin, final bat dago, eta final horretan zure bertsotan egiteko modua eta zure ahalegina azaltzeko plaza ezin hobe bat da. Ez dut bereziki landu honako, baina aspalditik ari naiz honetan. Gainera ez ni bakarrik, nik uste dut denok ari garela bide honetan: Unaik oso bertsokera propioa dauka, oso mundu erreferentzial propioa; Jon Maiak zeresanik ez; Aitor Mendiluzek; Ametsek... Denek. Bakoitzak dauka bere estiloa."

 Azkenik, doinuei dagokienez, ez dauka berrikuntzarik egiteko asmorik: "Neukan berezia atera nuen, eta hortik aurrera ez dut uste ezer berezirik egingo dudanik." Maialen Lujanbiok Bergarako kanporaketan, bakarkako ariketan, "Martxa baten lehen notak" kantuaren doinua hartu zuen bertsotarako, apur bat egokituta.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri